Zumaia Donostia txikia omen

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2018ko api. 6a, 17:33

Ez naiz kaletik tente-tente ibiltzen den horietakoa, ez eta beti lurrera begira joaten dena, baina begira zer aurkitu dudan gure herriko oinezko pasabide batean autoei erreparatu beharrean…

Santelmoen bezperatan, duela hilabete egin nuen aurkikuntza batekin gogoratu naiz. Haur eta helduen danborradan parte hartutakoa naiz, eta nahiz eta abestiaren izenburuarekin orain ez naizen gogoratzen, bazen letra zuen kanta bat (beste batzuen artean). Orduan, gazteleraz abesten genuen (ez dakit orain itzulita edo euskarara moldatuta dagoen), eta hau esaten zuen: Zumaia es un pequeño San Sebastian.

Zergatik ote da Zumaia Donostia txiki bat? Tamainari begiratuta egia da gure herria askoz ere txikiagoa dela. Orografiari kasu eginez, antzekotasunak badaude: itsasoz eta mendiz inguratuta daude biak, esaterako. Kirola eta aisialdiari so egiten badiogu, bietan aukerak badaudela esan daiteke. Turismoari dagokion lasterketan, berriz, Donostia harrapatu ere egingo dugu martxa honetan! Eta etxebizitzen prezioei erreparatzen badiogu, gu ere ez gara atzean geratzen. Eskerrak oraindik ere zuritoak kostaldeko herri “normal” batean bezala ordaintzen ditugun…


Baina beno, orain badakit zergatik den Zumaia Donostia txiki bat. Hango estolda bat dugu! Kontxako banderak ekartzeaz gain, estoldak ekartzeko ere kapazak gara eta!