Itxas Gain domina ugarirekin itzuli da Sevillatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko mar. 11a, 11:30

Asteburu honetan Sevillan ospatu den LIV. Espainiako Neguko txapelketan izan dira Zumaiako piraguistak, eta emaitza ezin hobeak lortu dituzte. 

Larunbat goizean hasi ziren lehengo txapelketak, eta 3000 metroko sailkatze estropadak jokatu ziren lehenbizi. Mutil jubeniletan Axier Aizpuruak eta Xabat Beragarak 70 lehenengoen artean bukatzea lortu zuten eta arratsaldeko finalerako sailkatu ziren. 23 urtez azpikoetan, mutilen kasuan, Aimarrek lortu zuen igandeko 5000 metroko finalera sailkatzea; Haritz, berriz, oso gertu gelditu zen 70 lehenengo postu horiengandik. Gizon seniorren kasuan, Martin Egañak ere lortu zuen finalerako sailkapena.
 
Larunbat arratsaldean, 5000 metrotan jubenilen finalarekin ekin zioten piraguistek. Haize gogorrarekin, Xabatek 49. postua eskuratu zuen eta Axier 54. iritsi zen. Beteranoen finalen txanda etorri zen ondotik. Lehenengoa irteten Xabier Osa izan zen, lehengo postua eskuratuz 55-59 urte artekoen kategorian. Emakumezkoen 45-49 kategorian, Maite Etxabek lehenengo postua eskuratu zuen baita ere, eta gizonezko kategoria berdinean Oier Aizpurua laugarren helmugaratu zen. 35-39 urte arteko kategorian, emakumezkoetan Eukene Saenzek laugarren postua eskuratu zuen, eta gizonezkoetan Iñaki Fernandezek hemezortzigarren postuan zeharkatu zuen helmuga. Azkenik, Javier Lizancosek 6. postua eskuratu zuen 60-64 urte arteko kategorian. 

Igandean, 5000 metrotako finalekin ekin zieten Zumaiako palistek. 23 urtez azpiko emakumeak izan ziren eguneko lehenak: Eider Amundarainek hamaikagarren postuan amaitu zuen, eta Josefa Molinak hemezortzigarren postuan. 23 urtez azpikoen gizonezkoen lasterketan, Aimar Amundarain 41. postuan iritsi zen helmugara. Bestalde, senior kategorian, Irati Osak bosgarren postuan helmugaratu zen emakumezkoetan eta Martin Egaña 30. iritsi zen gizonezkoetan. Beteranoen txanda izan zen berriz ere, eta kasu honetan, k2 mistoen 50 urtez azpikoen kategorian, Maite Etxabe eta Oier Aizpuruak garaipena lortu zuten 5000 metrotan; Eukene eta Iñakik, aldiz, zortzigarren postu ederra lortu zuten. 

Honekin batera, Itxas Gaineko babesleei eta laguntzaileei eskertu nahi genieke haien konpromisoagatik, baita gure palistei ere, txapelketa eder honengatik. Hurrengo astean, Euskadiko neguko txapelketan izango dira berriz ere gure piraguistak, nahiz eta hainbat egun aldaketa izan eguraldi txarrarengatik.