Dominekin bueltan Espainako itsas kayak kopatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2024ko mar. 4a, 17:53

Asteburu honetan Itxas Gain taldeak itsas kayak denboraldiari hasiera eman dio. Palma Mallorcakoan lehiatu den Espainiako Itsas Kayak Kopan izan dira Itxas Gain taldeko Maite Etxabe eta Eñaut Aizpurua.

Bertan, apirilean Azores Uharteetan jokatuko den Europako txapelketarako txartelak banatzen ziren.

Larunbat goizean banakako proba izan zuten, itsaso zakar eta haize handiarekin. Antolakuntza, proba bertan behera lagatzekotan egon zen, baino azkenean aurrera eramatea lortu zuten. Ibilbidea oso teknikoa jarri zen orduko 40 kilometroko haize eta olatu handiengatik. Gure partaideak, nahiz eta baldintza horietan lehiatzera ohituta ez egon, nahiko ondo moldatu ziren baldintza gogor horietan.

Ibilbidea 15 km koa izan zen, Portals Vellseko kala ikusgarritik, Palma Mallorcakoraino. Maite Etxabek emakumezko beteranoen mailan garaipena lortu zuen eta emakumezkoen sailkapen nagusian bederatzigarren postu bikain bat ere lortu zuen.

Eñaut Aizpurua berriz, Beterano “C” kategoriako hirugarren postuan helmugaratu zen.

Igandean binakako txanda zuten. Baldintzak okerrago jarri ziren, eta alerta egoerak zirela eta, antolakuntzak ibilbide labur bat egitea erabaki zuen Palma Mallorcakoko molatik gertu.
Baldintza oso gogorretan Maite Etxabe eta Eñaut Aizpuruak SS2 Misto Beteranoko garaipena lortu zuten.

Neguko Espainiako txapelketa

Bestalde, Itxas Gain taldeak hurrengo asteburuan denboraldiko lehenbiziko hitzordu garrantzitsua du, Sevillan jokatuko den Espainiako neguko txapelketa, hain zuzen. Bertan, taldeko hamasei kide izango dira kategoria ezberdinetan lehiatzen.

Azkeneko bi asteburuetako ekaitz eta eguraldi txarrak direla eta, Euskadiko Neguko txapelketa bi aldiz atzeratu behar izan da, eta okerrik ez bada martxoaren 17an jokatuko dute.