Santelmoetan ere piraguak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2022ko api. 27a, 09:00

Bi urte eta gero San Telmo festak ospatu ditugu pasa den asteburuan Zumaian. Baina, gu hemen festetan geunden bitartean, Itxas-Gain taldeko Iñigo Peña piraguista Galiziako uretan egon da gure kluba defendatzen.

Berducidoko urtegian, Pontevedran, jokatu da pasa den asteburuan Espainiako Pistako I. Kopa. Bertan, Espainia osoko senior eta junior mailako piraguistak elkartu dira. Egin beharreko probak 1.000, 500 eta 200 metrokoak ziren, eta Iñigo Peñak 1. 000 metroko frogan hartu zuen parte.

Kanporaketak eta finalerdiak maisutasunez gailendu ondoren, finalean bukaera arte borrokatu zuen, eta amaieran seigarren postuan iritsi zen helmugara, bere K2 eko bikotekide Paco Cubelosengandik lau segundo eskasera.

Orain denboraldiko hitzordu garrantzitsuenak datoz Iñigo eta bere kideentzat, eta horretarako Madrilera bueltatu dira nazioarte mailako probetarako sailkapen estropadak ahalik eta hobekien prestatzeko.

Bitartean, gure jardunak ez du etenik eta santelmoetako repetizioen asteburuan Urola ibaian piraguak ikusteko aukera izango dituzte bai herritarrek baita kanpotik etorritako bisitariek ere.

Horrela, larunbatean, hilaren 30ean, arratsaldeko 4etan emango zaio hasiera kimu eta infantil mailako Eskolarteko Txapelketari. Gipuzkoako taldeetako ordezkariez gain, Bizkaia eta Nafarroako taldeetako ordezkariak ere espero dira.

Gogoratu gaztetxoenek 1.500 metroko distantziari ekingo dietela aurre; infantilek, aldiz, 3.000 metro egin beharko dituzte.

Irteera Gernika parkeko zubitik emango da eta horrela ikusleek festa eta kirolaz gozatu ahal izango dute.

Ez da izango, ordea, asteburuko hitzordu bakarra. Egun berean, Alacanteko La Vila Joiosa herrian XIII. Eurochallenge Surfski proba jokatuko da. Proba honetarako ostiralean gure elkarteko bost partaide abiatuko dira furgonetan, eta larunbatean egin beharreko lanak 16 eta 19 kilometro arteko ibilbidea izango dute, haize eta olatuek baldintzatuko dituztelarik azkenean probaren norabidea eta luzeera.

Nazioarte mailako urteko lehen surfski proba izango da Europan, eta gauzak horrela Espainiako surfski piraguista onenez gain, Frantzia, Inglaterra, Hego Afrika, Alemania, Norvegia eta Italiako partaideak ere izango dira bertan.