Infantilak Portomarinen, Lugon

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko eka. 28a, 11:17

Joan den asteburuan Portomarinen, Lugon, izan dira Zumaiako Itxas Gain klubeko infantilak. Etorkizun oparoa izan dezaketen infantilekin lehiatu dira 3.000 metroko Espainiako Kopan.

Gutxitan hitz egiten dugu gazteenen inguruan, eta adin horrekin kirol zehatz batean mantentzearen zailtasunaz, piraguismoaz zein beste edozein kirolez mintzatzean.

Geure aburuz, piraguismoak badu, gainera, beste zailtasun bat: banakako lana. Zaila da, egunero entrenatu arren, zure taldekideek hainbat metrotako abantaila ateratzen dizutela ikustea, eta, are gehiago, lehiatzean beste taldeetako kirolariek metro gehiago uzten dituztenean haien eta zeure artean. Zaila da irmotasunak bere fruituak emango dituela ikusaraztea, oraindik gazteen gorputzek aldaketak jasango dituztela eta, pixkanaka eta ahalegina eginez, oso urrun irits daitezkeela ikusaraztea.

Baina gaztetan ikasi beharrekoak, funtsean, kiroltasuna eta kidetasuna dira, lehiaketan lortutako postua edozein izanda ere. Eta taldeko lan hori, elkartasun hori, eguneroko entrenamenduetan zein asteburuetan gozatzeko aukera izaten dugun bizikidetzan lortu behar da, gazteen arteko harremanak sendotuta, lagun berriak eginda, kirol eder honetaz gozatuta eta, bide batez, leku berriak ezagututa.

Beraz, emaitzak ez dira garrantzitsuak, (hala ere azpian daude lortutakoak) baizik eta ahaztuko ez duten bidaiaz gozatzea, eta bidaiak berak gazteak Zumaiara gogotsu itzultzeko balio izatea, hurrengo astebururako lasterketan parte hartzeko irrikaz. Eta, nola ez, bitartean gure ibaiaz ere gozatzea eta ikasten jarraitzea ez dira atzean utzi behar.

Emaitzak

Neskak, K1. 90 parte hartzaile

Ana Martiarena: 16

Maddi Uzkudun: 34

Mutilak, K1. 175 parte hartzaile

Asier Aizpurua: 55

Josu Lazkano: 100

Andde De Anta: 140

Beñat Gonzalez : 153

Manex Beristain: irauli

Xabat Bergara: lema puskatu

Neskak, K2. 30 parte hartzaile

Ana-Maddi: 7

Mutilak, K2. 78 parte hartzaile

Xabat-Asier: 25

Manex-Josu: 45