Bost urrezko domina eta zilarrezko bat ekarri ditu Itxas Gainek Espainiako Maratoi Erdiko Txapelketatik

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2021ko eka. 7a, 10:38

Asteburuan Talavera de la Reinan Espainiako Maratoi Erdiko Txapelketa jokatu da, eta bertan izan dira Itxas Gaineko 11 parte hartzaile, jubenil, senior eta beterano kategorietakoak.

Larunbat goizean beteranoen txanda izan zen. Xabier Osa k1 beterano mailan aurrera iritsi zen helmugara, urrezko domina lortuz. Minutu batzuk beranduago, beteranoen k2 misto kategorian Maite Etxabek eta Eñaut Aizpuruak ere helmuga aurrenengo postuan igaro zuten. Hala, beterano mailan hirutik hirukoa lortu zuten.

Larunbat arratsaldean, jubenilen ordua iritsi zen. Emakumezko k1an Josefa Molina bigarrengoa izan zen. Gizonezko k2an Peio Gonzalez eta Jon Ander Lazkano zortzigarren eta Haritz Aizpurua eta Julen Albizu hamargarren postuan izan ziren. Aipatu behar da Julenek lehenengo porteoan belauna okertu zuela, eta ahalegin guztiekin karrera amaitzeko adorea izan zuela.

Igande goizean senior kategorien txanda izan zen. K2 senior mistoan Xabier Osa eta Irati Osa aita-alabak aurrenak izan ziren helmugara bakarrik iritsiz eta izugarrizko maila erakutsiz. Gizonezko k1an Martin Egaña 6seigarren helmugaratu zen karrera bikaina eginez. Unai Azkunek, aldiz, hemeretzigarren amaitu zuen.

Hurrengo txapelketa uztailean izango da. Iratik Europako Txapelketa du helburu. Aste honetan eta hurrengoan Arantza Toledo bere bikotekidea Zumaian izango da k2a prestatzen Europara begira. Elkarrekin azkenengo asteetako entrenamendu gogorrak elkarbanatuko dituzte.