Bakerik ez

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2021ko aza. 19a, 06:01

Balizko egilea eta biktima aldatuko dira, baina denoi ere antzeko irudiak datozkigu burura begiak itxi eta indarkerian pentsatzeko eskatzen badigute: kolpeak, hilketak, atxiloketak, mehatxuak eta abar; finean, indarkeria zuzentzat jo dezakeguna. Irudi ikusgarri horietara mugatzen al da, baina, indarkeria?

Johan Galtung soziologoak bakea eta gatazka ulertzeko duen moduaren arabera, inolaz ere ez, hura icebergaren punta besterik ez da izango. Halako ekintzen oinarrian egungo sistema sozial, politiko eta ekonomikoek sorrarazten dituzten talkak daude, baita horiek justifikatzen eta legitimatzen dituzten aspektu kultural dominatzaileak ere; deitu haiei erlijio, ideologia, sinbolo... Hartara, kolpeak bezain biolentotzat jotzen ditu esplotazioa indarkeria estruktural bat edota etnozentrismoa indarkeria kulturala. Beraz, gatazkek ez dute etenik izango haiek martxan jarraitu bitartean. Bada, baina, kontrakoa defendatzen duenik, indarkeria zuzen eza bake gisa salduz betiere, statu quo-aren defentsarako indarrena kontuan hartu gabe. Bi motatako pertsonak dira horiek, soziologoaren hitzetan: "bakea egiteko eta eraikitzeko lana hastear dagoela ulertzen ez duten inozoak" eta “lan hori hastea nahi ez duten ez hain inozoak”.