Gorriti, Santa Barbara, Ulizar eta Berastegi bisitatuko ditu Indamendik igandean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2024ko ots. 12a, 09:00

Irteeran parte hartu nahi dutenek ostiral eguerdia baino lehen eman beharko dute izena Goiko estankoan. 

Otsailaren 18an egingo dugun mendi buelta hau egiteko Gorrititik aterako gara. Gorriti Larraun haranean kokatuta dago eta hau Nafarroako mugaren inguruan eta igarobidean egonik, leku estrategikoa izan da urte luzez. Hori dela eta, bertan eraiki zituzten hainbat gaztelu; Gorriti eta Lekunberrikoak kasu. Gorritiko gaztelua orain Santa Barbara izenez da ezaguna (gazteluaren hondakinen gainean eraiki zen baselizagatik). Gaztelua mendi-tontorrean zegoen, talaia pribilegiatua izan zen Araitz eta Areso haranen gainean –Nafarroako bi sarbideren ateak–. Defentsa eta pasabide zerbitzuak ematen zituen, eta bidesari eta zergen kobratze-funtzio garrantzitsua ere betetzen zuen. Gaur egun, oraindik ere, etxe batek Taula izena mantentzen du (honela izendatzen ziren funtzio hori betetzen zuten etxeak).

Santa Barbaratik Ulizar mendira (868 m) joango gara. Ez da tontor nabarmeneko mendia: borobila eta soila da bere gaina, baina ibiltzeko leku garbia eta polita da. Gailurrean erpin geodesikoa eta txartelontzia topatuko ditugu.

Eta ibilbideari amaiera Berastegin emango diogu, Tolosa-Leitza errepideko azken herri gipuzkoarrean.

Goiz buelta honek, guztira, 14 kilometro eta 527 metroko desnibela ditu. Animatu eta izena eman gure webgunean, Goiko estankoan (943-86 03 57) edo WhatsApp mezua bidalita (688 860 852), ostiral eguerdia baino lehen. Autobusa 7:30ean aterako da Patxita Etxezarretatik (Kantauri plazako geltokitik). Autobusaren prezioa helduentzat 7 eurokoa da, eta haurrentzat 5 eurokoa.

Gogoratu, Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daitekeela, elkarteko bazkide izan edo ez izan.