Beratik Biriatura arteko bidea egingo du Indamendik otsailaren 4an

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2024ko urt. 30a, 08:00

Igandean, otsailaren 4an, egingo dugun irteera hau Beratik abiatuko dugu eta Manddale (573 m) eta Xoldokogainatik (486 m) pasako gara Biriatun amaitzeko.

Manddalek, bere tontorreraino, Bidasoan barrena datorren muga zaharra jasotzen du, Endarlatsako zokoan amiltzen den bizkarrean gora. Endarlatsa aldeko isurialdean otea da nagusi baina, oro har, bidezidorrak garbiak eta nabarmenak dira. Xoldokogaña eta Manddale artean basoz inguratutako urtegi txiki bat dago.

Xoldoko gaina berriz, mendi apala da, iratze eta otadiz jantzia, gain zabalekoa. Bidasoa aldekoa du isurialde zakarrena eta Biriatu aldera luzatzen den harri-gorrizko gandor luzeak atontzen du alde hartako ikuspegia.

Goiz buelta honek, gutxi gorebehera, 13 kilometro eta 724 metroko desnibela ditu. Animatu eta izena eman gure webgunean, goiko estankoan (943-86 03 57) edo WhatsApp bidez (688 86 08 52), ostiral eguerdia baino lehen. Autobusa 7:30ean aterako da Patxita Etxezarretatik (Kantauriko plaza pareko geralekutik). Autobusaren prezioa helduentzat 7 euro eta haurrentzat 5 euro da.

Gogoratu, Indamendik antolatzen dituen irteeratara edonor joan daitekeela, elkarteko bazkide izan edo ez izan.