Butreaitzera irteera urtarrilaren 15ean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2023ko urt. 10a, 10:15

Oporraldiaren ondoren kirolari heltzeko garaia heldu zaigu, eta gure egutegiak ibilaldi aparta proposatzen digu horretarako. Datorren urtarrilaren 15ean, Aizkorri-Aratz parke naturalaren ipar-mendebaldera joango gara. 

Urteagaineko gainetik abiatuta, Aloñako mendialdea zeharkatuko dugu Butreaitz mendiraino. Butreaitz, Buetraitz edo Botreaitz bezala ezagutzen dan tontor hau mendialdeko garaiena da 1.320 metrorekin. Hor hasten den bidezidorrak, hainbat tontorretatik jarraituko du Harriurdin/Biozkormaraino, jarraian Arantzazun amaitzeko.

Ibilbideak, goiz irteera izan arren, 13 kilometro eta 990 metroko desnibel metatua ditu. Ibilbide ederra, Aizkorri-Aratz parke naturalaren zati ezezagun hau ezagutzeko. Animatzen zaretenok izena eman dezakezue gure webgunean edo goiko estankoan (943-86 03 57) nahiago izanez gero. Autobusa, ohi bezala, Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da, eta 7 euro helduentzat, eta 5 euro umeentzat balioko du. Gogoratu gure irteeratan parte hartzeko ez dela beharrezkoa bazkidea izatea, eta edonork izena eman dezakeela.