Elgeamendira irteera urriaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2020ko urr. 21a, 10:42

Larunbatean negu ordutegira egokitu behar gara. Gu ere, ordu bat gehiago lo eginda, goiz-bueltak egiten hasiko gara. Gure egutegia jarraituz, datorren igandean, urriaren 25ean, Nafarroara joatea egokitzen zitzaigun, baina Covid-agatik ezin denez,  Gipuzkoak Arabarekin duen mugan ibiliko gara. Bertako Albiturri (Elgeamendi) eta Usako Atxa ezagutuko ditugu.

Gure bidea Leintz Gatzaga herritik abiatuz, hasiera batean, udazken kolorez margotutako baso eder batetatik zehar joango gara, Deba ibaiaren iturburuarekin topo egin arte. Hor hasiko zaigu bidezidor estua eta maldatsu bat Anguta leporaino. Basotik irten orduko, begi bistan izango dugu Albiturri (Elgeamendi, 944m) mendia, gure lehenbiziko helmuga.  Arabako ikuzpegi zabalez gozatuz, gaineko bide goraberatsuak bigarren tontorreraino eramango gaitu, Usako Atxa (912m). Amaitzeko beherantz joko dugu Landako urtegirantz, bertan itxoingo baitigu etxeratzeko autobusak.

Ibilbideak 12,5 kilometro eta 800 metroko desnibel metatua du. Beraz, maila guztientzat aproposa. Animatzen zaretenok goiko estankoan izena eman behar duzue ostiral eguerdia baino lehenago (nahi izanez gero telefonoz  943-860 357 zenbakian). Helduek 7 euro eta umeek 5 euro ordaindu behar dute. Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da autobusa.