Gorobelera egingo du irteera Indamendik asteburuan

Animatu eta eman izena Goiko estankoan ostiral eguerdia baino lehen. Aurtengo egun osoko azken irteera izango da.

Aurten COVIDak hainbat irteera zapuztu dizkigu, azkena, Pilarko asteburuko irteera.  Horregatik, neguko ordutegira sartu aurretik, irteera berezi bat antolatu dugu. Datorren urriaren 18an, egun pasa eder bat egingo dugu Sierra Salvadan . Gorobel mendilerrora joango gara, bere tontor adierazgarrienak ezagutzera. Ugino (1.077 m) eta bere begia, Tologorri (1.059 m), Bedarbide (1.345 m), Solaiena (1.007 m) eta Txarlazo (930 m) bere Amabirjin erraldoiarekin. Gure zeharkaldia Madaria auzoan abiatuko da: lehenbiziko igoera hau eguneko zati gogorrena izango da, 600 metro 3.5 kilometroetan igoko baititugu Atatxa leporaino. Hortik aurrera, mendiz-mendi, gora eta behera amaigabeko balkoi batetan, Txarlazoraino joango gara, handik Orduñako zelaietara jaisteko. Ibilaldiak 19 kilometrotako luzera dauka eta desnibel metatua 1.060 metrotakoa du, beraz, goialdean lasai ibiltzeko bazkaria motxilan eramatea gomendatzen dizuegu. Gogoratu, Burgosekin mugan egon arren, ez garela EAEtik irtengo, eta hau izango dela aurtengo egun osoko azken irteera. Ez galdu!

Animatu eta eman izena Goiko estankoan ostiral eguerdia baino lehen, edo deitu 943-86 03 57 telefonora. Irteera beti bezala 7:30ean izango da Txomin Agirreko geltokitik, eta egun osokoa denez, autobusaren prezioa 13 eurokoa izango da helduentzat eta 7 eurokoa umeentzat. Ez ahaztu musukoa ekartzea.

Animatu eta bertan ikusiko dugu elkar.