Inda Mendikoek Bortzirietan ekingo diote ikasturte berriari

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2018ko ira. 17a, 11:01

Datorren igandean, irailaren 23an, ikasturteari hasiera emanez, egun osoko mendi buelta egingo dute Inda Mendi elkartekoek. Horrela, Aiako Harrien ondotik hasita, Nafarroako Bortzirietako mendietan murgilduko dira.

Arritxulegin abiatuko da taldea, eta Bianditzeko (841m) gandor belartsua zeharkatuz Pagolletagainaraino iritsiko dira. Hortik ekialdera joko dute; Unanuaraino (648m). Jarraian, Igantzi herri ondotik pasa ondoren, eguneko azken tontorrera igoko dira; Frain (498). Bertatik jaitsiz, Lesakan amaituko dute ibilaldia.

Irteerak 19 kilometroko luzera eta 400 metroko aldatsa dauka. Bide samurra izan arren 5 edo 6 ordu inguru beharko ditugu amaitzeko. Ibilaldi polit honetara izena eman nahi dutenek, goiko estankoan (943860357) egin dezakete ostiral eguerdia baino lehen. Autobusa 7:30etan aterako da Garoa tabernaren aurreko getokitik eta helduak 12€ eta umeak 6€ ordaindu beharko dute.