Garia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2017ko eka. 25a, 12:25

Aspaldian lotuta izan naute beste eginkizun batzuek eta ezin izan naiz nahi adina ibili Zumaia inguruan. Gaur Santiagotik Karakas aldera hartuta, bidean, sorpresa.

Urrutitik sumatu dugu ez zela ohiko arto, baba, patata edo antzekoa, kolore horiska zeukalako eta trinko ikusten zelako, itxia. Hurreratuta, berehala egiaztatu dugu: garia da eta!

Lehen ohikoa omen zen garia (eta tabakoa!) lantzea Zumaiako eta Oikiako baserrietan, baina nik ez daukat gogoan inoiz ikusi izana, eta zaharrenei galdetuta, izango omen dira 40-50 urte, garai hartatik. Bide bazterretik, begira aritu gara, harrituta, eta ikuskizuna biribiltzeko, Basakarte aldera, azeri batek kuku egin digu eta desagertu egin da zuhaitz artean.