Uztailaren 2an burujabetza argiztatzera goaz!

Erabiltzailearen aurpegia gureeskudago 2022ko eka. 27a, 06:02

Denbora aurrera doa, eta nola, gainera. Batzuetan modu linealagoan, eta besteetan hutsean saltoak eginez (azken boladan gertatzen ari zaigun gisan). Konfinamendu eta xomorroak gorabehera, begirada pixka bat urrutiago eraman dugu, eta ia ahaztu dugun arren, duela bost urte eskuz esku eta buruz buru auzo lan itzela eginez aritu ginela gogoratu dugu.

Ez dugu ahazteko baina, eta denon gogora ekarri nahi izan dugu, Zumaian (baita inguruko hainbat herrietan ere) 2017ko maiatzaren 7an egin zen ariketa demokratikoa: herritar ugarik parte hartu zuen antolaketa handi eta zabalean egin genuen herri galdeketa. Zumaiarron % 34,30ek hartu genuen parte gure bozkarekin, eta 2.687 lagunek euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugula ozen esan genuen.

Ordutik hona bost urte igaro dira, gizartean hainbat estropezu ere eman dira, eta ozen esaten jarraitzen dugu burujabe izatea aurrez aurre ditugun eraldaketa eta erronkei eustea dela, gertatzen zaigunaren gaineko erantzukizuna beste inoren eskuetan ez uztea: inplikatzea, konprometitzea eta erabakitzea. Gure herriak behin eta berriz egin duena. Jostun eta artisau izan gara, zubigile eta kate begi. Herri gisa, jakin dugu oztopoen aurrean erresilientziaz jokatzen, txarrenari onena ateratzen, eta horretan jarraitu nahi dugu.

Libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Herriari hitza emateko garaia dela esaten jarraitzen dugu, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa. 

Aldarri honetan bat egiten dugu beste hainbat herrirekin, eta bat egite honetan kataluniar eta euskal herritarroi erronka berri bat jarri zaigu begien aurrean. Uztailaren 2an, katalanek eta euskaldunok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar.

Euskal herritarrok 100 gailurretik gora argiztatuko ditugu, baina gure gailurra ez dago Pirinioetan, gure gailur edo helburua “zortzimilako” bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko. 100 gailur argiztatzea baino, 200 herri aktibatzea.

Eta Zumaiarrok? Zumaiarrok ere badugu gure gailurra: MANDDALE. Ibardinetik 30 minutura dagoen muino honetan dugu hitzordua eta elkargunea. Uztailaren 2an 18:30ean abiatuko gara Zumaiatik autobusez eta 20:30ak ingururako zapalduko dugu argiz beteko dugun mendia. Giro ezin hobean beteko dugu 22:30ak arteko tartea eta orduan piztuko ditugu gure argiak, mundu osoari erakusteko hemen badela herri bat, badela asmo sendo bat eta badugula indarra aurrera egiten jarraitzeko.

Eta hori guztia egiteko, noski, zu behar zaitugu. Zure argiak gurearekin bat egin eta denon artean, orain arte bezala, hor gaudela esatera deitu nahi zaitugu. Erronka honetan parte hartzeko izena ematera animatu nahi zaitugu, bai GURE ESKUren web orrian (gureeskudago.eus), bai kalean jarriko dugun mahaian (datak aurrerago zehaztuko ditugu).

Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Horrenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak.

Erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko unea da. Erakunde publikoei dagokie impasse egoera gainditu eta erabakitzeko tresnak legeztatzea eta garatzea, eta herritarroi bultza egitea… Hori bai, inoren zain geratu gabe! 

Erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko norabidean, bide berriak urratzeko prest gaude.

Zatoz gurekin!