Martxoak 24 ikasle greba!

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Umerez 2022ko mar. 16a, 12:53

LOMLOE bigarren hezkuntzan, LOSU unibertsitatean eta LH plana lanbide heziketan; horiek dira hezkuntzan ezartzen ari diren erreforma berriak. Masa komunikabide handiek horien inguruko berririk apenas eman badute ere, ikasle langileongan ondorio lazgarriak utziko ditu eta, horregatik, Ikasle Abertzaleaketik, greba deitu dugu martxoaren 24an, “Hezkuntza erreformak gelditu” lemapean.

Ikasturte hau hastearekin batera abiatu genuen “Hezkuntzaren dekadentzia, ikasleon miseria” dinamika, krisi kapitalistaren apogeoan, hezkuntzaren kalitatea okertzen ari zela salatzeko eta horrek langile-klaseari zekarkion miseria ikusarazteko. Matrikulen prezioen gorakada, hezkuntza segregazioaren areagotzea eta kontrol sozialerako mekanismoen ezarpena adibide nabarmenak dira. Gure herriko kasura ekarrita, adibidez, ikasleen erdiak baino gehiagok klase partikularrak jaso behar izan ditu aurten eta, hori, langile klaseko familia askorentzat, gastu itogarria da. Ezarri nahi dituzten erreformek, gure ustez, hezkuntzaren dekadentzia prozesua formalizatu besterik ez dute egiten: 
 
  1. Edukiaren hustutzea: Ikasleon jakintza eta garapena bigarren plano batean geratzen da eta merkatuaren araberako ezaugarriak transmititzeak hartzen du garrantzia, etorkizun batean lan munduan errentagarriak izateko beharko ditugun baloreen araberako hezkuntza prozesu bat markatuz.
  2. Digitalizazio prozesuaren azkartzea: Hezkuntzan aplikatzen ari diren teknologia berriak (INIKA bezalako plataformak, kamerak…) ikasleon kontrola areagotzeko tresnak dira. Ikasle gazteenetan aplikatzen dira kontrol mekanismo horiek eta etorkizuneko  belaunaldietan kontrol soziala normalizatzeko balio dute.
  3. Balore aurrerakoien itxurakeria: Lege aurrerakoi bezala aurkezten da baina etengabe infantilizatzen gaituzte eta ez dituzte sortzen baldintza errealak balio aurrerakoi horien gaineko ikuspegi kritikoa garatzeko. Gure hitza ez da kontuan hartzen.
  4. Konponbide errealerako borondate falta: LOMLOE legearen ezarpenak orain arteko legeek dituzten mugak eta akatsak konpontzeko balioko duela diote, baina hezkuntzaren dekadentziaren adibide garbia besterik ez da, ez baitago legerik hezkuntzako egoeraren arazoa konponduko duenik, arazoak ez baitira arazo partzialak, estrukturalak dira eta errotik aldatu behar dira.
Progresuaren izenean egiten diren erreformen bidez, kapitalismoak krisia gainditzeko egin behar dituen aldaketetara moldatzen du hezkuntza, eta ikasle langilea hezkuntzatik kanporatu. Gure eginbeharra, beraz, ikasleria langilearen antolakuntza indartzea eta hezkuntza sistema sozialistaren bidean ekarpena egitea da. Hortaz, egungo hezkuntza sistemaren —eta bere erreformen— mugak seinalatzea ezinbesteko lana da, eta horri ekingo diogu datozen asteetan. Martxoaren 24an hezkuntza sistema sozialista aldarrikatuko du Ibaetako Campusetik 12:00etan aterako den manifestazioak. Zatoz!