GUTUNA. Santelmoak ez dira guztiontzako festa egun, nonbait

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2019ko api. 28a, 08:32

Santelmoak buruko min eta atsekabe bihurtu dira gure herrian hiru gazte senegaldarrentzat. Goizean gertatu da. Dirudienez, hiru senegaldar horiek gaua pasatzeko nora joanik ez eta Laboral Kutxak herrian duen bulegoko sarreran gaua igarotzen ari ziren. Herritarren bat kutxa automatikoan dirua ateratzera joan eta gazteak han lotan ikustean, udaltzainei deitu die. Udaltzainek ertzainei deitu omen diete eta elkarrekin agertu dira Laboral Kutxak beheko plaza inguruan duen sukurtsalera.

Hainbat hiritar ere gerturatu dira zer gertatzen ari zen ikustera eta aditzera eman digutenez, herriko udaltzain batek etorkin gazteekin izan duen jarrera eta portaera ez omen dira oso gizatiarrak izan, izan ere, nagusikeria eta tratu bortitza izan omen ditu nagusi.

Horren aurrean, lerro hauen bitartez era horretako jokamoldeak salatu nahi ditugu. Inori inolako kalterik egin gabe bere burua epelean babestu beste deliturik egin ez duten gazte horiek tratu gizatiarragoa merezi zutela iruditzen zaigu, denok dugu eta duintasunez bizi ahal izateko eskubidea, baita bere herria utzi eta bizitza duinago baten esperantzan sarri askotan herri aberatsek sortu diegun pobreziatik ihesi datozkigun etorkinak ere. Gaitzetsi nahi dugu gaur herriko udaltzain horrek izan duen portaera hori eta ongi etorria eta babesa adierazi nahi diegu edozein arrazoi dela ere, politiko nahiz ekonomiko, gure herrira datozen errefuxiatu edo etorkinei.