Ekin!

Erabiltzailearen aurpegia Ekain Albite 2020ko aza. 25a, 07:10

Nire ahotik atera den arnas lurrunak taldekide guztien atentzioa harrapatu du. Guztiak ditut begira, zain. Lekuan nabaria den hotzak barrutik izoztu nau. Azken aldiz begiratu diot Sambouri, eta, orduan, ahots leunez bota dut hitz magikoa: “Ekin!”.

Errodaje batean gaude, barruraino murgilduta, zentzu literalean, gainera. Gerriraino busti behar izan baikara Itzurungo kobazulora sartzeko laburmetraiaren azken eszena grabatzera. Taldekide guztiak barruko arropetan gaude. Irudi berezia. Pelikularen atzean dagoen pelikula. Hori ere interesgarria izaten baita.

Sambou, oikiarra, dugu protagonista oraingoan, Mikel Ibarguren zestoarrarekin batera. Gazteei buruzko film labur bat grabatzeko gogoa nuen, aspalditik. Biak aktore nagusiak dira, baina Zumaia, herria bera, da laburraren benetako protagonista. Eta bertan bizi diren gazteak. Adin horretako jendeak asko duelako esateko. Bihozmin handiak sentitzen den garaia da gaztaroa. “Bada, gazte kontuak” diote batzuek, esaldi madarikatu horrek zenbat sentimendu estaliko ote zituen.

Neurri batean horretarako balio du zinemak; aitortzen utzi ez diguten mina ateratzeko tresna besterik ez da. Gure ilusioak, gorrotoak, bete gabeko ametsak, horiek guztiak bertan jartzeko aukera paregabea da.

Burutik kendu ezin dudan anekdota bat gertatu zitzaigun laburra prestatzen ari ginen bitartean. Zumaiako hainbat gazterekin elkarrizketan genbiltzan gidoia guztiz itxi ahal izateko. Haien bizitzari buruz galdetzen nien, haien etorkizunari buruz, haien ilusioei buruz. Guztiek lotsatuta begiratzen zidaten, erdizkako erantzunak emanez. Halako batean, haietako batek aurpegiratu zidan, “Baina hik uste al dek hemen zoze interesgarriya dagoela kontatzeko?”. Hurrengo egunetan galdera hori bueltaka ibili zen nire buruan.

Geroago konturatu nintzen galdera hura bera zela laburmetraia egiteko arrazoi nagusia. Istoriorik nahi ez dutenen istorioa baitzen gurea. Haien ilusioak eta gogoak barru-barruan ezkutatzen duen jende hori zen laburraren protagonista. Horrelakoa baita gure herria. Isiltasuna da bizitzari aurre egiteko dugun modua. Laburmetraiak isiltasun hori pantailara eraman nahi izan du. Ezkutuko sentimendu horiek gorpuztuko zituen jendearekin, hemengo jendearekin, bertakoak soilik uler baitezakete zer den emozio hori. Hein handi batean sentitzen genuen gure istorioa laburmetraiaren gainetik zegoen zerbait zela, gu guztiok gainditzen gintuen zerbait.

Isiltasun horren atzean, baina, mundu guztian topa dezakegun sentimenduen borroka ikaragarria dago. Nahikoa baita begietara begiratzea ulertzeko, ahoak esaten ez duen hori begiak oihuka esaten ari direla.