Darahli elkartekoak pozik, aurtengo udaleku eta harrera familiekin

Erabiltzailearen aurpegia Darahli Elkartea 2023ko abu. 31a, 11:00
Ume sahararrak aireportura joan aurretik ateratako aragazkia. (Darahli)

Samuel Ruiz Darahliko koordinatzaileak Larrabetzun egiten dituzten udalekuen eta harrera familien inguruko balorazioa egin du. 

Oporrak Bakean programaren bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpamenduetatik kanpo pasatzeko aukera dute, eta familia euskaldunek Herri Sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera dute.

Darahli elkarteak bi proiektu aurrera eramaten ditu programa honen barruan: batetik udalekua eta bestetik harrera-familiak.

Udalekuei dagokionez, Darahli elkarteak udan haur sahararrekin aurrera eramaten duen Bakeleku udalekua aste honetan amaitu da. Azken zazpi urtetan bezala, aurten ere, Larrabetzun izan da Bakeleku Udalekua eta bertan 9 urteko 18 haur saharar izan dira bi hilabete gure artean gozatzen.

Darahliko koordinatzaile eta monitore lanetan ibili diren gazteek eraman dute udalekua aurrera, eta udako bi hilabetetan zehar 55 gazte inguruk parte hartu dute txandaka, gehienak zumaiarrak.

Begirale gazte horien egin beharreko lana apartekoa izan da: egunero ohiko ekintza guztiak kudeatu (otorduak, gelak, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu,… ), kirol ekintzak eta tailerrak antolatu, eta irteera ezberdinak egin: igerilekura, hondartzara, inguruko herriak ezagutzera. Azkenik, nola ez, ume guztiak mediku azterketa egitera eraman, bereziki batzuk dentistarengana, beharra handia baitute.

Bestetik, Darahli elkarteak Oporrak Bakean programaren barruan Urola Bailaran 9 harrera-familia izan ditu dokumentazio eta koordinazio lanak eginez. Bai familiarentzat, bai haur sahararrentzat oso esperientzia baikorra izan da, harremana sustatu eta haurrek bigarren familia lortu dutelako, lehendabizikoa Saharan eta berria Euskal Herrian.

Amaitzeko, eskerrik beroenak proiektua aurrera eramaten laguntzen diguten elkarte, erakunde, gazte eta familia guztiei; eta bereziki, Zumaiako Udalari diruz proiektua aurrera ateratzen lagundu digulako eta Larrabetzuko Udalari eskola udalekua egitea ahalbidetu digulako eta bertan erraztasun guztiak eman dizkigulako.