Ekuadorreko kitxuekin nazioarteko hizkuntza lankidetzan

Munduko populazioa osatzen duten 7.700 milioi biztanleek 7.100 hizkuntza ingurutan hitz egiten dute (Ethnologue, 2019); alegiazko banaketa batean, hizkuntza bakoitzean milioi bat hiztun inguru! Baina munduko hizkuntza aniztasunaren ezaugarri harrigarrienetako bat da populazio osoaren % 95ek hizkuntzen % 5 handietan hitz egiten duela, eta, alderantziz, milaka hizkuntzak dituztela 10.000 edo 100.000 hiztun baino gutxiago. Horietako bakoitzak herri, nazio, talde indigena edo bestelako hizkuntza komunitatea osatzen dute, bilakaera soziolinguistiko, ekonomiko eta politiko jakin baten ondorio. Eta guztiek dute bizirauteko borondatea eta eskubide berbera!

Hizkuntza horietatik, ordea, 3.000 baino gehiago[1] galtzeko arriskuan daude. Alegia, joera irauli ezean, ingelesa, txinera, gaztelania, arabiera, swahilia edota frantsesa bezalako hizkuntzek ordezkatuko dituzte, eta, hala, jatorrizko hizkuntzetako hiztunen etxeetan egiteko komunikatibo eta afektibo guztiak hizkuntza hedatzaile horietan izango dira.

Ordezkatze prozesu guztiak ez dira berdinak, baina ezaguna da populazioaren hedatzearekin batera gertatu izan direla historian zehar, eta, batez ere, erabakigarriak direla estatuen eraikuntza prozesuetan herrien menderatze estrategia bortitzak. Gaur egun, horiei guztiei globalizazioaren ondoriozkoak gehitu behar zaizkie. Horrela, gure belaunaldia inoizko hizkuntzen desagertze prozesu azkarrenaren lekuko bihurtzen ari da; gizateriaren etorkizuna baldintzatuko duen mundu mailako krisi kultural nagusia izanik ere, nazioarteko kontzientziak astintzeko zailtasun nabarmenak dituena.

Hizkuntza ordezkatzeari buruz badakigu zerbait Euskal Herrian; euskarak badu irakaspenik horretan; XX. mende hasieran hiztun kopuru garrantzizkoa izanik ere, 60ko hamarkadarako ordezkatze prozesu oso aurreratuan sarrarazita zegoen: ofizialki debekatua, eremu formal guztietatik baztertua, sozialki eta ekonomikoki mendekotasunari atxikia, iragan mingarriari lotua, eta familiako transmisioan eta erabileran garrantzi handiko higadurak erakutsiz. Eta egoera latz horretan hiztun komunitateak biziberritze prozesua abian jarri zuen, ezta?

Neurri batean, egoera horren antza du gaur egun Ekuadorren kitxua hizkuntzarenak. Aditu askoren iritziz Perun, Bolivia, Txilen eta Argentinan ere hitz egiten den ketxua hizkuntzaren aldaera horrek hiztun kopuru handi samarra du (500.000 hiztun inguru Ekuadorren)[2], baina gero eta gutxiago erakusten da etxeetan, gizarteko bazterketa islatuz. Hala azaldu digute Imbabura eskualdeko hainbat ekintzailek, GARABIDE elkartearekin batera Kitxua biziberritzeko estrategiak elkarrekin lantzeko proiektua abian jartzera joan garenean bertara: bazterketa sozial eta ekonomikoek bultzatu dietela seme-alabei etorkizuneko hizkuntza izango ei den gaztelania soilik erakustera. 

Baina prozesu horri itzulia emateko elkartu dira hizkuntza biziberritzearen inguruan hainbat irakasle, ikasle, arduradun politiko eta lider indigena. GARABIDEk euskararen biziberritzearen alderdi interesgarriak eta zailtasunekoak aztertuz, beste hiztun komunitateen esku jarri nahi ditu, eta, haien esperientzietatik geure bideko trukeak baliatu.

Izan ere, nazioarteko hizkuntza lankidetzaren oinarrizko arrazoien artean honako hiru hauek gogoratzea merezi duelakoan gaude[3]: garapen iraunkorra hizkuntzen iraunkortasunarekin batera izango da ezinbestean, alderdi ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala aitortzea beharrezkoa baita; hizkuntza-galeraren krisiari erantzutea inperatibo etikoa da komunitateek ez diotelako euren borondatez hizkuntza hitz egiteari uzten, gehienetan, debekuak, mehatxuak, bazterketak edota zigorrak gertatzen baitira; eta, azkenik, hizkuntzen galera iraultzea gizateria osoarentzat onuragarria dela, ez soilik hizkuntza gutxituko komunitateentzat.

Horregatik, modu bateratuan aritzea garrantzizkoa da, gutxiengo kultural eta indigenen etorkizuna erantzun globalarekin bat joango delako (euskal zein kitxuaren kasuak barne).  Zenbat eta komunitate gehiago murgildu hizkuntza biziberritzeko egitasmoetan, orduan eta aukera gehiago izango ditu komunitate bakoitzak. Eta gizateriak ere bai, bere osotasunean.

 

[1] Krauss-ek 1972an herena aipatu zuen-,  Etnologuek (2019) % 40, eta Unescok 3.000 bat hizkuntza arriskupean.

[2] Marleen Haboud-en datuak UNESCOren Munduko Arriskupeko Hizkutzen Atlasean (2010).

[3] Garapenereako lankidetza-proiektuetan hizkuntza-irizpidea txertateko proposamena. 2013. Unesco Etxea.