1974an jaio nintzen. Popeto da nire ezizena. Ez dakit nondik datorren; txikitan jarri zidaten, eskolan. Zer dudan nahiago? Roberto edo Popeto? Biak!

Txikia nintzela beti hondartzan egoten nintzen, eta aurreko belaunaldiko jendea ikusten nuen surfean. Ramon, Poti... Hamar bat urte izango nituen, eta kortxo batekin hasi nintzen surfa probatzen. Hasiera hartan oso material txarra erabiltzen genuen. Zarautzen bazegoen denda bat, oso txikia, eta zuen materiala oso garestia zen. Bost lagunen artean erosi genuen gure lehenengo surf taula. Orain pertsona bakarrak ditu bost taula! Lehen trajea, berriz, Frantzian erosi nuen. Egun osoa pasatzen genuen Itzurunen. Ez da maila handia behar surfarekin gozatzeko; egunero ikasten duzu zerbait, egunero zoaz aurreratzen.

Hasiera hartan Itzurunen ez zegoen ezer, ez genuen aldagelarik, ez ezer. Lagun batzuk elkartu ginen, eta kluba sortu genuen, Ziske. Oso harro nago horrekin. Hasiera gogorra izan zuen, baina orain azpiegitura oso onak ditugu.

Surfaren praktika asko hazi da Zumaian; gehiegi, esango nuke. Surfean lau lagun aritzen ginen garaikoak gara: Orroagara joan, eta inor ez; Sakonetara joan, eta inor ez. Orain boom bat bizi da: Zumaian afizio handia dago. Ederra ere bada, baina esentzia galdu duela esango nuke. Orain lehia handiagoa dago. Gero, Itzurun txikia da, eta denok nahi dugu olatua hartu. Jende asko baldin badago, ez naiz uretan sartu ere egiten. Eguerdiko momentua gustatzen zait surfa egiteko; une ona da, hori da nire momentua.

Beti gustatu izan zait zinea. Bideoak-eta ikusten egoten nintzen, eta hala hasi nintzen bideoak egiten, bideokamera kaskar batekin eta editatzeko programa kutre batekin. Bideo txiki bat egiten hasten zinen, musika pixka bat jartzen zenion, eta aizu, ondo geratzen zen. Nuen tresneriarekin bost minutuko bideo bat egiteko agian sei ordu behar nituen. Tortura hutsa zen. Gero, kamera eta editatzeko ordenagailu berriak erosi nituen, eta orain azkarrago egiten ditut. Orain, telefono mugikorrarekin, edozer egin dezakezu.

Olatuen irudiak grabatuta izaten nituen, eta gero, olatu horien inguruan sortzen nituen istorioak. Askotan inprobisatu egiten nuen, baina beste batzuetan ideia batetik abiatuta garatzen nituen bideoak. Ideia bat baldin badut, bizpahiru egun egon naiteke horrekin bueltaka. Ideia asko ohean nagoenean okurritzen zaizkit; ohean nagoenean bisualizatzen ditut eszena guztiak. Jaiki eta post-itetan idazten ditut. Hori da nire sistema.

Film laburren Surfilmfestibal jaialdia egiten zen lehen Donostian. Zortzi bat urtetan hartu nuen parte, eta sariak ere jaso nituen. Lagun artean egindako bideoak ziren, baina jaialdirako aukeratzen zituztela ikusita, bua!, horrekin animatu egiten nintzen. Gero, derrepente, fikziozko lanak egiten hasi nintzen. Bideo laburrak dira, konplikazio handirik eskatzen ez dutenak. Nire gauzak egiten ditut, nire ukitua ematen diet, eta jendeari gustatzen bazaio, primeran.

Bideoklipak egiteko eskaintzak ere izan ditut, talde batzuek eskatuta. Baina beldurra eta bertigoa ematen dit. Presioa ere bada; nik niretzat egiten ditut bideo hauek, barre egiteko. Baina, inoiz ez da berandu eta agian egunen batean animatuko naiz.