Izpiak eta hizkiak

Luis Osa Goikoetxea

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2021ko urr. 17a, 11:00

2000. urtean joan nintzen Estatu Batuetara, zesta puntan jokatzera. Newporten egin nuen debuta, Rhode Islanden. Ameriketako Estatu Batuetako estaturik txikiena da, eta Peio lehengusuak eta nire bi anaiek ere han jokatu zuten; denok Estatu Batuetan debutatu genuen.

Han geratu nintzen, nahiz eta zesta puntarekin amaitu nuen. Orain bost bat urte izango zen. Beti izan dut Euskal Herrira itzultzeko gogoa, baina gauza bat dela, bestea dela, han geratu naiz, eta dagoeneko 22 urte daramatzat han.

Kasualitatez sartu nintzen urdaiazpikoen mundu honetan. Nire lagun batek 5 Jotas etxearekin egiten zuen lan; etxean urdaiazpiko bat zuen beti, eta ni beti harekin egoten nintzen. Urdaiazpikoa mozten ibiltzen nintzen haren etxean, praktikatzen. Behin esan zidan Espainiako kontsulatu batean aurkezpen bat zegoela eta norbait behar zuela urdaiazpikoa mozteko. Frontoitik kanpo horixe egiten nuen nik. Ez zen ni ikasten ari nintzena; hegazkinen mekaniko izateko ikasten ari nintzen. Baina hura ikasita daukat, eta, egunen batean behar badut, hor daukat.

Urdaiazpikoa produktu nahiko berria da Estatu Batuetan; 8-10 urte izango dira horrekin hasi zirela, eta pixka bat edukatu behar da jendea oraindik. Orain arte prosciuttoa ezagutzen zuten, eta urdaiazpiko batekin joaten ginenean harekin identifikatzen zuten. Hori orain dela lauzpabost urte izango zen. Orain, jendea bidaiatzen hasi delako-edo, badakite urdaiazpikoa zer den.