Etorkizuneko ur eskasiari aurre egiteko gogoetak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zabaleta Lopetegi 2023ko urt. 24a, 07:03

Urari lotuta dauden eta gero eta ohikoagoak izango diren arazoei aurre egiteko jorratu beharreko bideetako batzuk marrazten jarrai dezagun (azaroko Baleiken argitaratutako artikulua osatzen du honek). Izan ere, uraren kudeaketa ibai arroan hasten dela ulertzeaz gain, badira beste hainbat hari mutur lotzen hasi beharrekoak.

Hor dago, adibidez, lurrazpiko uren erabilera posiblea. Akuifero onak ditugu gure inguruan. Horietako gehienak gure erliebearen goialdeetan kokatzen diren kareharri eta hareharrizko mendi inguruetan. Horrela, akuifero multzo garrantzitsuenak erraz identifika ditzakegu: Hernio, Albiztur, Izarraitz, Aizkorri, Aralar edo Jaizkibel-eko eremu hidrogeologikoetan, esaterako. Aipatutako guztiak daude giza jardueretatik urrun, eta, beraz, kutsadura iturri nagusietatik urrun. Horregatik, kalitate oneko urak dira bertakoak. Behar diren azterketa hidrogeologikoak eginda, posible da jasangarritasun mugen barruan ur horiek ere hornidurarako aprobetxatzea eskura ditugun baliabideek beharrak asetzen ez dituztenean. 

Horretarako, ordea, bi alderdi landu behar dira: alde batetik, 1996an argitaratutako EAEko Mapa Hidrogeologikoa eguneratzeko eta eremu bakoitzerako egindako ikerketan sakontzeko lanekin hasi beharko genuke; eta, bestetik, behin ezagutza hori garatuta, azpiegitura egokiekin hornitu beharko lirateke leku horiek, behar direnean erabilgarri egon daitezen.

Horri dagokionez, baliteke aurrera begira hurbileko ur begien inguruko informazioa eguneratzea ideia txarra ez izatea. Ba al dugu gurean ur eskasia egoera konkretuetan erabili ahal izango genukeen lurrazpiko ur iturririk? Baliteke, egokitzerako bidean, iraganean, ur partzuergoetan sartu ginenean, alde batera utzitako ur hartuneak berreskuratu behar izatea. 

Baina ur eskaintzari dagokionez, bada jorratzeko beste alderdi bat. Izan ere, erabilera guztiek ez dute ur kalitate bera behar, baina ur berdina erabiltzen dugu edateko, sukalderako, kaleak garbitzeko, komunerako, industriarako… Horrek ba al du zentzurik? 

Ideia horrekin oso lotuta dago gurean garapen oso eskasa duen uren birziklapena. Gaur egun hain entzuna den ekonomia zirkularraren adibideari jarraituz, ur bera hainbatetan erabil dezakegu araztegira bidali aurretik; adibidez, dutxako ura komunerako erabil daiteke, edota kaleak garbitzeko. Horrek, noski, inbertsio handia eskatzen du, ura tutu bakar batetik banatu eta jaso beharrean sare konplexuagoa behar baita, baina, hornidurarako beharrezko den ur kantitatea jaisten du ur bera behin baino gehiagotan erabiltzeak.

Eta, noski, eskaintzari begiratzeaz gain, eskariari ere begiratu behar genioke. Ura giza eskubidea da, Nazio BatueN Erakundeak hala aitortuta, eta botere publikoek ura bermatu behar diete herritar guztiei. Baina berme horrek ere muga batzuk behar ditu. Beharrak dira bermatu beharrekoak; nahiak, aldiz, kudeatu egin behar dira. Baina ez ur eskasia gainean denean bakarrik, beharretatik haratago doazen ur kontsumoak beti kudeatu behar dira, mugak ezarri, energiarekin egiten ari garen modu berean.

Krisi klimatikoa gainean dugu. Gure bizitzako azterketa garrantzitsuenetako baten bezperetan gaude eta ez gaude prestatuta, baina jakintza ugari dago metatuta gure inguruan eta ezin dugu pentsatu berandu denik, dena emateko ordua da.