Errepetizioetako larunbatean Eire, Olaia Inziarte eta Soinuz Blai

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiko Txosnak 2023ko api. 4a, 12:32

Hemen gatoz santelmoetako azken kontzertuekin. Apirilaren 22an Eire, Olaia Inziarte eta Soinuz Blai erromeria izango ditugu txosnetako oholtza gainean.

Aurkezpen beharrik ez duen bikotea; are gutxiago, gurean. Eire Salegik eta Eire Maiak osatutako EIRE konboa sasoi betean iritsiko da santelmoetara. Momentuz, pilula moduan aurkezten ari dira haien abestiak, eta aldiro harritzen gaituzte. Zuzenean ikusteko irrika, lehenago aukerarik ez dutenek, apirilaren 22an asetuko dute.
 
Baztandik etorriko zaigu aurtengo fenomeno (zentzu guztietan) musikal nagusietako bat: Olaia Inziarte. Denak hari buruz eta iaz kaleratutako ‘Lehengo lepotikan burua’ diskoari buruz ari dira. Baina ez al da hobe zuzenean hari entzutea, bigarren larunbatean? Olaiak berak dioen moduan, “galtzerdi zulatuek istorio hobeak dituzte, baina entzule onez eskas gaude”.
 
Getariarrez eta zumaiarrez osatutako Soinuz Blai erromeria talde gazteak itxiko du txosnaguneko musika eskaintza; dantza giroan, nola bestela? Kontzertu gosez daude. Adi haiekin!