Igandean zumaiarren txanda: Karter, Hoben eta Esther Sound System!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiko Txosnak 2023ko mar. 27a, 20:41

Santelmoetako igandea zumaiarron egun kutsuna izan ohi da, eta, aurtengoan, zumaiarrak ariko dira oholtza gainean.

Usategian bada martxa aspaldian, eta herriko talde honen kabia ere han da: Karter. 2019an atera zuen taldeak bere lehen diskoa, baina pandemiak bete-betean eten zuen bere jarduna. Laukote formatuan eta indartuta datoz orain, rock eta punk rock doinu itsaskorrekin jolasean. Igandean igoko dira oholtzara. "Etxean bezala, inon ez", esan izan da. Hala bedi!

Oparoa bezain zabala da, zorionez, Zumaiako taldeen uzta. Hardcore, metal eta crossover doinuak ere izango ditugu txosnetan, adibidez, Hoben herriko talde berriaren kontzertuan. Frexkofrexko etorriko dira, Ozen estudioan grabatu berri duten diskoa besapean hartuta. Igandean izango dugu haiek entzuteko aukera. Egurra!

Soul, reggae, funk, groove... Musika beltzarekin dantzan jarriko gaitu Esther Sound Systemek, apirilaren 16an. 00:00etan bandera igo bezain laster, etorri txosnagunera, gerri mugimendura!