Txikipedian 1000 artikulu osatu ditugu eta Aquariumarekin proiektu polita egin dugu

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2024ko mar. 7a, 15:15

Zumaiako Herri Eskolan 2018an hasi ginen Txikipediako artikuluak argitaratzen eta dagoeneko 1000 artikuluren langa pasa dugu. Hori ospatzeko Donostiako Aquariumarekin elkarlanean "Txikipedian nabigatuz" diziplina arteko egitasmoa burutu dugu.

Zumaiako Institutuan dagoeneko Txikipediarako 1000 artikulu egin ditugu. Txikipediak dituen zazpi artikulutatik bat hain zuzen ere. DBH 2ko Txikipedia tailerra ikasgaian sortu dira gehienak baina beste mailatan ere artikulugintzan aritu dira gure ikasleak.

Batxilergoko 1. mailako ikasleekin "Txikipedian nabigatuz" diziplina arteko ikas egoera sortu dugu. Donostiako Aquariumarekin egindako elkarlana izan da. Marrazketa artistikoko ikasleek Aquariumeko ozeanarioan dauden espezieen ilustrazio zientifikoak egin dituzte, Latineko ikasleek izen zientifikoak aztertu dituzte eta azkenik Biologia-Geologiako ikasleek artikuluak osatu dituzte eta ilustrazioak eta izen zientifikoen azalpenak txertatu dituzte. Ondoren Donostiako Aquariumera bisita egin dugu eta apirilean egindako marrazki eta artikuluen erakusketa egingo dugu Oxford aretoan.