INAUTERIAK 2020-2021

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2021ko ots. 13a, 16:37

Ekosistema Hezitzaileari eta herriari begira, zalantzarik gabe, une distiratsuena Inauterietako dantzak eta mozorroak izaten dira.

Maila bakoitzak Euskal Inauterietako pertsonaia bat aukeratu eta, mozorroak eta dantzak aurretik ikastetxean ondo landuta, emanaldi ikusgarria bezain koloretsua izaten delako; ondoren Zumaiako kaleak mozorroekin “jantzi” eta dantzekin alaituz.

Aste honetan zehar egunero-egunero, ikastetxeko pasabideetan pertsonaia berezi bezain erraldoiak agertzen joan dira. Hasierako inpresioa gaindituta, Euskal Inauterietako pertsonaiak zirela konturatu gara. Gu mozorrotzen garen pertsonaiak, tamaina izugarrian, eta bete-betean inauteriak iritsi direla jakin dugu.

Haur Hezkuntzan: Inauterietako gaia landu eta dantzak ikasi ditugu jolastorduan dantzatzeko. Inauteriekin erlazionatutako eskulanak egin dituzte: eszenatoki dotoreak, karetak, puxikak eta zinta koloretsuekin pasabideak apaindu eta paiasoak ere.

Lehen Hezkuntzan: geletan, mailaka, aurten janztea tokatzen zitzaien pertsonaien jatorria eta gorabeherak landu ditugu, eta eskulanetan Euskal Inauterietako pertsonaia erraldoiak egin eta apaindu.

Musikako saioetan, Inauterietan egiten ditugun dantzak ikasi ditugu, gero gure emanaldian dantzatzeko izan behar zirenak.

Baina, aurten, Koronabirusak ez digu utzi horrelakorik egiten; hala ere, Santa Eskearekin bezala, “ohitura zaharra” ez dugu galdu eta ikastetxean landu dugu beste era horretara.