TXORIA TXORI proiektua Zumaiako Institutuan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2019ko urt. 10a, 12:43

Negua etorri zaigu eta berarekin gure inguruan bizi diren hegaztientzat garai gogorrak bizitzeko unea iritsi da. Egoerari aurre egiteko Zumaiako Herri Eskolako ikasleek hegaztientzako janlekuak egin dituzte, berrerabilitako materialak erabiliz. Telmo Deun trainerua, Zumaiako faroa eta beste hainbat material janleku bihurtuta, hamaika ikusteko jaioak gara!

Laborategiko lanetan berriz, hegaztientzat menu goxoa prestatzen jardun dute ikasleek. Gurina, kakahueteak, pipak, alpistea eta oloarekin egindako gurin bolak izango dira Zumaiako Herri Eskolako patioko hegaztien neguko dietaren parte.

Txoria txori proiektuak bere lehen pausuak eman ditu jada, datozen asteetan adi egongo gara gure janlekuetara hurbiltzen diren bisitariak behatzen.

Txori txiki batek esan zigun gure inguruko fauna babestu nahi badugu lehendabizi ezagutu behar dugula. Patxizar, amilotx, txonta, kaxkabeltz, eta gainerakoei.…On egin!