Durangoko Azokan Zumaiako Institutuko Txikipedia proiektua aurkeztu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2018ko abe. 10a, 07:15

Aurtengo Durangoko Azokaren egitarauaren barnean Txikipedia proiektua aurkeztu du Euskal Wikilarien Elkarteak eta bide batez Zumaiako Institutuan aurrera eramaten ari garen Txikipedia proiektuaren nondik norakoak azaldu ditugu. Ikusleen artean zeuden Joserra Etxebarria fisikari ezagunak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak zoriondu egin gintuzten ikasleek egindako lanarengatik.

Zumaiako Institutuko zientzia mintegiak Txikipediaren inguruko proiektua abiatu du aurten. Txikipedia 8 eta 13 urte arteko ikasleentzako euskarazko entziklopedia askea da, Wikipediaren barnean dagoena. Batxilergo 1. mailako ikasleek zientziarekin loturiko artikuluak egingo dituzte, 1. hiruhilekoan Anatomia, 2.ean Fisika-Kimika eta 3.ean Biologia-Geologiakoak. Artikuluen zerrendak DBH 1 eta 2ko irakasleek prestatu dituzte.

Euskal Wikilarien Elkarteko (EWKE) kide batek formakuntza eman die zientzia irakasleei eta lan egingo duten ikasleei. Dagoeneko Anatomia arloan 14 hezurren artikulu egin dituzte.