EUSKARAREN EGUNA

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2016ko abe. 1a, 09:30
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira Zumaiako Herri Eskolak egitarau oparoa prestatu du eskolako komunitatea osatzen duten guraso, irakasle eta ikasleekin partekatzeko.

Hona egitarauaren zertzelada batzuk:

- Azaroak 29: eskolako irratian emanaldi berezia egin da, “euskara” irratsaio guztiaren ardatz izan delarik.

- Abenduak 2, Euskararen Egunaren bezpera:

Goizean sarrera irteera guztietan megafonia jarriko da euskal kantuekin eta herri mailan egindako egutegiak HH2 eta LH4ko ikasleen artean banatu eta mintzagai izango dira gelatan. Honez gain, aurreko egunetan prestatutako marrazki, pankarta etabarren erakusketa atonduko da Aita Mari eta Sagarbiden.

Goiz eta arratsaldez Imanol Urbietaren abestiekin prestatutako musika emanaldi bana eskainiko da Aita Mari eta Sagarbideko aretoetan. Aita Marin goizez izango da emanaldia eta maila bakoitzak aurrez prestatutako kanta bana eskainiko du. Ondoren hamaiketako berezia dastatzeko aukera izango dute ikasleek. Arratsaldean jolasen txanda izango da: lokotx bilketa, sokatira…

Sagarbiden goizez “Desioen zuhaitza” izeneko ekimena burutuko da. Aldez aurretik gela bakoitzak euskararen aldeko desio onekin egindako txartelak zintzilikatuko ditugu desioen zuhaitza osatuz. Arratsaldez musika emanaldia izango da kirol aretoan. Maila bakoitzak Imanol Urbietaren abesti bana kantatuko du eta irakasleek ere bere ekarpentxoa egingo dute.

Euskararen Egunaren harira landutakoa urteko gainontzeko egunetan landutakoaren ispilu izan dadila eta ez egun bakarreko uzta soila.