Azken asteetako eraso sexistak salatzeko ekintza

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Mugimendu Feminista 2018ko api. 30a, 17:18

Gaurkoan, azken asteetan emakumeon aurka gertatu diren erasoak salatzeko atera gara kalera, beste behin. Eguerdiko ordu batean, Erribera kaleko Magnolio parean, azken asteetan gertatu diren erailketa eta bortxaketak arbuiatzeko ekintza sinbolikoa egin dugu.

Azken asteetan, bi emakume erailak izan ziren Gasteizen. Pasa den astean,  emakume bat Tolosako etxe batean lanean ari zen bitartean, 76 urteko erasotzaileak bortxatu egin zuen. Horrez gain, aste honetan bertan, Donibane Garazin, 32 urteko emakumea eraila izan da; horren bikotekide ohi izandako hiltzaileak kotxearekin harrapatu ostean.

Ikusten dugunez, ez espazio publikoan, ezta espazio pribatuan ere, emakumeok ezin dugu lasai bizi; edozein eremutan, edozein egoeratan, erasotuak izan baikaitezke. Eta azken astean konprobatu dugun gisan, gertatzen dena gertatzen dela ere, gure gorputza edozein modutan erasotua izanagatik, ez dugu justiziarik izango. Kalean, lantokian, etxean, ala beste edonon egonagatik, emakumeok ez dugu espazio segururik. Gertaerok argi erakusten digute emakumeon kontrako indarkeria sistema honen esplotazio eta biziraupenerako funtsezko oinarrietako bat dela. Ez dira kasu isolatuak, hau gerra bat da, eta emakume* guztion bizitza bera dago jokoan!

 

Hilik nahi gaituzte, bortxatuta, txikituta, isilik, isolatuta. Baina bizitza eta erresistentzia gara gu! Ozen diogu, oso haserre gaude! Sekula baino gehiago gara, inoiz baino indartsuago gaude!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

GORA BORROKA FEMINISTA!