Martxoak 8

Martxoak 8: Mugimendu Feministaren esker oharra eta bideoa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Mugimendu Feminista 2018ko mar. 10a, 20:07

Joan zaigu martxoaren 8a, baina oraindik ere, irribarre txikia aurpegitik ezin ezabatuta gabiltza. Mundiala, kolosala, izugarria, inoiz ikusi gabea. Definitzen saiatu gintezke, eta halere, motz geldituko ginateke.

Mota, kolore, tamaina, adin, ezaugarri eta izaera guztietako emakumeok* hartu genituen kaleak ostegunean: kementsu eta alai. Geuk mugitzen dugu mundua egunero, eta martxoaren 8an galanki erakutsi genuen, gu gabe mundua gelditu egingo litzatekeela.

Ahaltsuak garela bagenekien, baina martxoaren 8an jendarteari erakutsi genion elkar hartuta borrokatzen dugunean, uste baino indar handiagoa dugula! Borroka egun arrakastatsuak ordea, ez dira ezerezetik lortzen. EMAKUMEON* PLANTOAREN atzean hilabeteetako lan sakona egon da. Asanbladak, ahoz ahoko lanketa, komunikazio-lanak, mural margoketak, dendaz denda azalpenak ematea, eta ikusezinak diren mila eta bat lantxo. Eguneroko antolakuntza xume eta nekaezinaren bitartez lortzen baitira aurrerapausoak jendartean.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu plantoa antolatzen aritu diren emakumeei*, norberak beretik sekulako ekarpena egin dutelako. Bejondeizuela! Doazkiela gure eskerrik estuenak, norberak bere hondar aletxotik, martxoaren 8a mundial bihurtu duten emakume* guzti-guztiei! Planto egin duzuen guztioi, ausartak izan zarete eta ez ezazue zalantzarik izan, zuen borrokak fruituak emango ditu! Eta nola ez, eskerrik alaienak manifestazioetara, elkarretaratzeetara, deialdietara hurbildu zareten guztioi, elkar hartuta uholde bihurtu gara!

Gozatu dezagun martxoaren 8 honek utzitako aparraz! Urrutitik dator borroka feminista, eta inoiz baino biziago gaude… beraz, indarrak hartu eta laster arte!

*GORA BORROKA FEMINISTA!*