Aurrera egingo dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2020ko eka. 19a, 12:53

Gaur gauerditik aurrera indargabetuta geratuko dira COVID 19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak eta “normaltasun berria” deitzen duten horri hasiko da.

Pozgarria da eta, nola ez, desiorik onenak agertu nahi dizkiegu gure herritarrei.

Aurrera egingo dugu! Hilabete luze eta gogor hauen ondorio sozial eta ekonomikoak  gainditu eta berriro zutik jarriko gara.

EAJko gizon-emakumeok, behintzat, horretan ahaleginduko gara gure konpromiso politiko eta sozialean oinarrituta eta errotuta. Herriarekin dugun konpromiso horren erakusgarri dira osasun larrialdi-egoera honek iraun duen bitartean Udalean ordezkari dugun taldeak erakutsi duen lankidetza-lana eta ekimena. Makina bat izan dira egin dituzten proposamenak; batzuk, zorionez, kontutan hartuak izan dira (merkataritzako bonoak, musukoak egin eta banatzeko ekimena, ea…) nahiz eta beste batzuk ez. Edonola, egindakoa hor dago eta lankidetzarako borondate hori da egoera larrietan nola jokatu behar denaren adibiderik onena: desadostasunak desadostasun, elkarlana eta lankidetza, alegia.

Era berean, hemendik aurrera, erronka kolektibo honetan, norbanako bakoitzaren konpromisoa ere ezinbestekoa dela gogora ekarri behar dugu. Banakako erantzukizuna aurrera egiteko bermerik onena dela konbentzituta, prebentzio eta autobabeserako neurrietan zuhurtasuna eta segurtasuna betetzen jarraitzeko beharra azpimarratuz herritar guztien inplikazioari dei egiten jarraitzen dugu.

Ohar hau prestatzen ari garen unean, ekainaren 19ko goiz honetan, komunikabide guztietan, modu batetara edo bestera idatzita, nagusitzen ari den  albistea ikusten dugu: “Diskoteka eta HAUR PARKEAK ZABALIK IZANGO DIRA BERRIRO”  eta zumaiar asko aho zabalik geratu gara eta bat-bateko galdera asko etorri zaizkigu burura: zer gertatu da gure herrian?, nork eman du ba haur parkeak eta jolastokiak behar baino lehen zabaltzeko agindua?, Eta zergaitik?, zer dela eta hainbesteko presa? Nola kudeatu dira Zumaian deskonfinamendu fase ezberdinak udal agintarien aldetik? Laisser faire, laisser passer egin ote da?

Ez dira egun asko zenbait sindikatuk (ELA eta LAB nagusiki) auzitara eraman dituztela EAJ-ko zenbait kargu publiko  “langileen osasuna arriskuan jartzeagatik” (salaketa denak artxibatuak izaten ari dira, portzierto).

Ez dira egun asko ezker abertzaleko buruzagi eta hautagaiek “presaz” eta “arriskuaz” hitz egiten zutela eta EAJ-ri akusazioak jaurtitzen zizkietela ezin bestean egin beharrekoak diren hauteskunde demokratiko batzuk uztailerako deitzeagaitik.

Eta antzeko adibideekin zerrenda luzatzen jarrai genezake, baino ez da kontua.

Orain dela gutxi, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kidea den Mª Eugenia Arrizabalaga, zumaiarrak “De peces y protocolos”  izeneko artikulua argitaratu zuen egunkari batetan, –irakurtzea gomendatzen dizuegu. Artikuluan agerian uzten ditu bere burua ezker "abangoardiatzat" hartzen duen horrek, bere eskemen barruan, diseinatzen dituen zenbait gauza. Ba hark komentatzen dituenetaz aparte,   aipatzen ari garen beste hau ere gehitu diezaiokegula uste dugu.

Bakoitzak jakingo du bere berri. Gu gurera, Euskadi zutik jartzeko lanera!

Zumaiako EAJ.