Zumaiako EAJren esker ona

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2019ko eka. 2a, 20:37
Zumaiako EAJk bere udal taldeak azken lau urteotan egindako lana bihotzez eskertu nahi du; eta era berean, eskerrak ematen dizkie beregan konfiantza eta botoa jarri duten 2053 zumaiarrei eta oposiziotik, gobernutik bezala, arduraz eta gogor lan egiteko duten konpromisoa berresten dute. 

Zumaiako EAJk udal hauteskundeetan izandako emaitzen ondoren balorazio gazi gozoa egiten du, izan ere, jasotako babesa ez da nahikoa izango gobernutik Zumaia eraikitzen jarraitzeko, baina lau urteotan egindako lanarekin Zumaiaren etorkizuna eraikitzeko ekarpena egin dutela uste dute jeltzaleek. EH Bildu zoriondu du Zumaiako EAJk hauteskundeetan izandako emaitzengatik; oraingoan jeltzaleek bereziki eskertu nahi izan dute bere udal taldeak azken lau urteotan egindako lana. “Gure udal taldeak lau urteotan izan duen inplikazioa eta egindako lana eskertu nahi diegu udalean lanean aritu diren pertsonei. Egunetik egunera ikusi dugu Zumaiarekiko beren konpromisoa eta egindako lanak hauteskundeetan nahiko genituzkeen fruituak eman ez baditu ere, Zumaia norabide zuzenean kokatzeko ezinbestekoa izan dela uste dugu” azaldu dute.

Zumaiako EAJren hitzetan “orain lau urte zerrenda osatu genuenean, ezin dugu esan bete betean asmatu genuenik eta horren inguruko autokritika egin genuen bere momentuan, baina gora behera horiek alde batera utzita, udalean lanean jardun duen taldeak egindako lana ikusita, gustura egoteko modukoa dela uste dugu, izan ere, Zumaiaren eta zumaiarren etorkizunerako giltzarriak izango diren hainbat proiektu eta baita bere egunerokotasunean herritarren bizi kalitatea  hobetzeko lan asko eta asko egin baititu udal gobernu honek”.

Zumaiako EAJk azaldu duenez, “beti esan izan dugu pertsonak ditugula ardatz”, baina esateaz harago, erakutsi ere egin dutela azaldu dute jeltzaleek. Legealdian egindakoetatik batzuk aipatu dituzte horren erakusgarri, Gizarte Zerbitzuetan eta enpleguaren sustapenean egindako ahalegin berezia, etxebizitza aukerak areagotzeko Torreagaberri hitzarmenaren baitan babestutako 100 etxebizitza egiteko bidea irekitzea edota gazteentzako Alokairu Beka sortu izana, irisgarritasuna hobetzeko egindako lanak “igogailuak, espaloiak… horiek pertsonentzako dira, ez dugu ahaztu behar, eta horiek hobetzea ere pertsonak ardatz izatea da” eta aparkalekuen erregulazioaren bidez, zumaiarren egunerokotasunean eragin zuzena duen arazo bati aurre egin diotela azaldu dute jeltzaleek.

Txalotzekoa da, halaber, jeltzaleen iritziz, udal eskumenekoak ez diren, baina udaletik bultzatu diren hainbat lorpen, izan ere, “legealdi honetan udal gobernuak, bere eskumenetik harago doazen eta Zumaia eta zumaiarrentzat garrantzitsuak diren hainbat proiektu aurrera ateratzeko jarrera oso proaktiboa izan du” eta horren adierazgarri aipatu dituzte dikearen konponketa, hezkuntzan egin diren proiektuak, Santiago hondartza edota Oikiako saneamendua berritzeko egindako kudeaketak. “Eskerrik asko, beraz, udal gobernuan lan egin duten pertsona horiei eta bere herriarekin erabateko inplikazioa eta konpromisoa izan duen Oier Korta alkateari”.

Jeltzaleek azaldu dute legealdi honetan egindako lanari jarraipena emateko taldea osatu zutela hauteskundeetarako “ziur gaude Zumaia eta zumaiarren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko gaitasuna eta konpromisoa duen taldea dela” baina oposiziotik ere horretan jarraitzeko talde ezin hobea dela ere azpimarratu du Zumaiako EAJk. “Udal gobernuan egon diren pertsonak eta pertsona berriak izango ditu udal talde berriak, batzuek dagoeneko erakutsi dute Zumaiarekiko duten konpromisoa eta besteek ere konpromiso hori azaltzeko aukera izango dutela ziur gaude”. Datozen lau urteetan oposiziotik, gobernutik bezala, Zumaia eta zumaiarren etorkizuna eraikitzen jarraituko duten zalantzarik ez du Zumaiako EAJk, “proiektu ugari utzi ditu martxan egungo udal gobernuak eta horiek aurrera ateratzeko lan egingo dute oposiziotik”. Jeltzaleek azaldu dute EAJren oposizioa “eraikitzailea eta propositiboa” izango dela, “gure udal taldea ez da mugatuko oztopoak ez jartzera, eraikitzailea izatea proposamenak lantzea eta egitea delako” eta gaineratu dute “Zumaiarako proiektu garbi bat dugu eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko proposamen asko. Horiek oposiziotik sustatzen ere ahaleginduko gara, zumaiarrei zor diegulako, zumaiarren zerbitzura gaudelako, gobernutik, nahiz oposiziotik”.

Amaitzeko, Zumaiako EAJk eskerrak eman nahi izan dizkie beregan konfiantza eta botoa jarri duten 2053 zumaiarrei eta oposiziotik, gobernutik bezala, arduraz eta gogor lan egiteko duten konpromisoa berretsi dute.