Zumaiako EH Bilduren noraeza

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2019ko mai. 24a, 11:10

Orain arte autoritarismoa izan da Zumaiako EH Bilduren matraka, orain gezurrak esaten harrapatu gaituztela. Ez bata eta ez bestea ez dira egia, noski, baina egindako lana kritikatzeko argumenturik ez duenak, Zumaiarako proiektu argirik ez duenak, zer beste egin lezake?

Herri honek badu etorkizuna, zumaiarrak dira etorkizun horri bidea emango diotenak, Zumaia atzera bueltatzen utziko ez dutenak eta, zalantzarik gabe, etorkizun hori EAJ da.

EH Bildu, oro har, noraezean dabilela begi-bistakoa da eta Zumaiako EH Bildu ez da salbuespen bat. Urteetan izan duten diskurtsoa zaharkituta gelditu zaie eta beren lekua bilatu nahian dabiltza. Herri honentzako proiektu argirik ez edukitzearen ondorioak, noski.

Noraez horretan, aukera bakarra EAJren aurka egitea da, jakina, baina hor arazo batekin topo egiten dute, gure proiektua, berea ez bezala, sendoa, koherentea eta urte luzeetan Euskadi eta Zumaiaren alde lanean garatutakoa.

Gezurretan gabiltzala diote, azken saiakera desesperatu batean, inbertsioen exekuzio maila taula batean erakutsita, Albert Rivera bailiran. Ez dituzte erakutsi ordea aurrekontuen exekuzio orokorren edo egindako kontratuen konparatibak, horiek erakustea, noski, ez zaie lagungarri. 2012-2015 urteetan (4 urte) 4.891.655 euro exekutatu zituzten inbertsiotan eta 2016-2018 urteetan (3 urtetan) 5.626.300 euro exekutatu ditugu, 2019ko datuak falta dira, urte likidatu arte ez ditugu izango, ekitaldia itxitakoan, kontu-hartzailetzak jasotzen ditu bere txostenean. Hau da, EAJk 3 urtetan EH Bilduk aurreko 4 urteetan baino ia 800.000 euro gehiago bideratu ditu inbertsioetara. Gainera, legealdi honetan 51 prozedura irekiko kontratu esleitu ditugu, aurreko legealdikoen ia bikoitza, 27 baino ez baitzituzten esleitu.

Horiek ere zenbakiak dira, baina ez dira EH Bilduk nahi dituen zenbakiak, Ostolaza jaunak taula batean erakutsi ditu inbertsioen exekuzioen ehunekoak, eta azaldu du aurrekontuek adierazten dutela hurrengo urtean egitera zoazena, eta exekuzioak erakusten duela egin duzuna. Bai, bigarren zatiarekin ados, baina aurrekontuek kapitulu bakarra al dute EH Bildurentzat? Inbertsioen kapitulua soilik? Obrak, hormigoia… Herri bat geldialditik ateratzea hormigoiarekin neurtzen al da? Ez dakigu EH Bilduren lehentasunak zein diren, baina gureak argi ditugu: zumaiarrak. Pertsonak ditugu ardatz eta horiei begira egin dugu lan, eta halaxe jarraituko dugu. Hala ere, horretan ere, guk 3 urtetan 5.626.300 euro eta EH Bildukb4 urtetan 4.891.655 euro.

EH Bildurentzat aurrekontuetan garrantzia berezia duen kapitulu horretatik kanpo geratzen dira azken lau urteotan egindako asko eta asko: Gizarte zerbitzuetara bideratutako baliabideak, bai ekonomikoak eta bai pertsonal baliabideak, aparkalekuen erregulazioa, plan estrategikoa 2014tik zokoratua zegoena, Turismo plana, ekonomia eta enplegua sustatzeko baliabideak… Horiek denak ez dira nonbait garrantzitsuak EH Bildurentzat.

Gainera, udal aurrekontuetatik aparte, legealdi honetan hainbat inbertsio izan ditugu, beste erakundeek Zumaian egindako inbertsioak, Santiago hondartza eta pasealekua (Espainiako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia), ikastetxeetan egindako inbertsioak, Oikia, Institutua… (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila) eta baita dikea (Eusko Jaurlaritza) ere, garrantzitsuenak azpimarratzearren. Inbertsio horiek ez dira zerutik iristen, beste erakundeekin lan egin beharra dago, Zumaiak dituen beharrak helarazi behar zaizkie eta udalak lidergoa hartu behar du proiektu horiek trakzionatzeko. Hori ez dago ez udal aurrekontuetan eta ez udaleko aurrekontuen inbertsioen kapituluan, baina bai, ordea, Zumaiar guztien begi bistan eta zumaiarrengandik jasotzen ari garen erantzunaren arabera, herritarrek begi-bistakoa den hori argi eta garbi ikusten dute, Zumaia geldialditik atera dugula sentitzen dute eta halaxe helarazten digute.

Gezurretan harrapatu gaituztela diote eta beraiek dira gezurretan dabiltzanak, izan ere, ze izen du bestela datu partzialak erabiliz, komeni zaiena bakarrik erakutsiz, zumaiarrak manipulatzen saiatzeak? Azken lau urteotan EH Bilduk oposiziotik egindako lan kaxkarra ezkutatzen saiatu dira alkateari autoritarismoa egotzita. Parte-hartzearen legealdia izan den honek argumentu hori baliorik gabe utzi eta beste bat inprobisatu behar izan dute. Orain arte autoritarismoa izan da matraka, orain gezurrak esaten harrapatu gaituztela. Ez bata eta ez bestea ez dira egia, noski, baina egindako lana kritikatzeko argumenturik ez duenak, Zumaiarako proiektu argirik ez duenak, noraezean dabilenak, zer beste egin lezake? Herri honek badu etorkizuna, zumaiarrak dira etorkizun horri bidea emango diotenak, Zumaia atzera bueltatzen utziko ez dutenak eta, zalantzarik gabe, etorkizun hori EAJ da