UTRECHTERA BISITA HOLANDAKO HEZKUNTZA SISTEMA EZAGUTZEKO

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiena Ikastetxea 2024ko urt. 28a, 23:48

ZUMAIENA proiektuak sorreratik izan ditu berrikuntza eta elkarlana oinarri. Inguruko hezkuntza erakundeekin elkarlana sustatzeaz gain, munduko beste herrialdeetan hezkuntza zuzenean ezagutzeko eta ideiak trukatzeko helburuz, Zumaienako etapa desberdinetako lau irakasle izan ginen Holandan pasa den astean.

Utrecht hiriko eskola desberdinak ikusteko aukera paregabea izan genuen egun horietan zehar: Haur Eskolak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Unibertsitatea ere ezagutzen igaro genituen egunak. Metodologia desberdinak, lan egiteko bestelako moduak, espazioak, ordutegien antolaketak, zerbitzuak eta beste hainbat arlo ezagutu genituen bertatik bertara, eta gure eguneroko lanaren berri emateko aukera ere izan genuen. Bide horretan, ezagututako proiektuekin zubiak eraikitzeko bideak aztertzen ere aritu ginen.

Egiten duguna hobetzea eta aukera berriak deskubritzea helburu izanik, elkarlana sustatu eta esperientzia aberasgarriak ikusten jarraituko dugu aurrerantzean ere.