Eman daiteke izena Zumaiako Triatloian

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Triatloi Taldea 2023ko eka. 29a, 13:51

Irailaren 16an izango da aurtengo Zumaiako Triatloia. Ohikoa den moduan, bi lasterketa izango dira; triatloi herrikoia eta sprint distantziakoa. Biek ala biek Gernika pasealekua izango dute erdigune. Rockthesport webgunean eman daiteke dagoeneko izena.

Aurten ere ospatuko da Zumaiako Triatloia. Hain zuzen ere, irailaren 16an, larunbata, izango da Zumaiako Triatloi Taldeak antolatutako egun handia, eta, azken urteetan bezala, bi lasterketa egingo dira egun horretan: X. Zumaiako Triatloi Herrikoia eta XVI. Zumaiako Sprint Triatloia.

Aurten, froga herrikoian parte hartzen duten kirolariek federatu gabe egon beharko dute, eta super sprint distantziako lasterketa egin beharko dute; hau da, 350 metro igerian, hamar kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Proba nagusiko kirolariek, aldiz, sprint distantzia izango dute aurretik, beraz, 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin beharko dituzte.

Aurreko urtean bezala, super sprint distantzian parte hartzeko aukera izango dute federatutako kadeteek. Gainera, Zumaiako Triatloi Taldeak (ZTT) ahalegin berezia egingo du berriz ere kirol egokituak bere lekua izan dezan Zumaiako Triatloian, eta egokitutako kirolariek gainerako kirolariekin batera super sprint distantziako lasterketan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, aurten, berrikuntza moduan, abuztuak 16tik aurrera federatu gabeek sprint distantziako lasterketan izena emateko aukera izango dute, beti ere, froga nagusiko parte hartzaile kopurua lehenago bete ez bada.

Izena emateko aukera zabalik

Dagoeneko hasi dira lehen kirolariak izena ematen, pasa den astetik zabalik baitaude bi lasterketetako izen emateak rockthesport plataforman. Lehenago bete ezean, irailaren 11ra arte izango da izena emateko aukera bi lasterketeetarako. Gainera, kirola modu seguruan egitea garrantzitsua dela kontuan izanik; aurten, ekainaren 22tik uztailaren 3ra bitartean izena ematen duten kirolari guztien artean Zumaiako Triatloiko babesle den Erronkak emandako bi esfortzu proba zozkatuko ditu ZTTk.

Zumaiako Triatloi Taldetik proba egunean parte hartzera animatu nahi zaituztegu federatu nahiz ez federatu guztiak. Zumaiako eta eskualdeko herritarrak triatloiaz gozatzen ikusi nahi zaituztegu, parte hartuaz edo animatzera etorriaz. Beraz, animatu zaitez!

Izen ematea rockthesport.com webgunean egin daiteke ondorengo loturetan: