Maiatzaren 24ko umeen duatloia bertan behera geratu da, eta irailaren 5eko triatloia egingo den edo ez erabakitzeko dago

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Triatloi Taldea 2020ko api. 30a, 17:01

COVID-19ak eraginda, hainbat kultur eta kirol ekitaldi atzeratu edo bertan behera geratu dira. Hemen eta munduan garai berrira egokitzen ari dira federazio eta kirol taldeak. ZTTko kideek ere horretan diardute.

Umeen V. duatloiak itxaron egin beharko du 2021. urtera arte, aurtengoa bertan behera geratu baita COVID-19ak eragindako egoera dela eta. 

2016.urtean antolatu zen lehendabiziko aldiz umeen duatloia. Bertan 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartzen dute. Helburua duatloi-triatloirako zaletasuna zabaldu, eta oinarrizko arauak irakastea da.

Urtez urte parte hartzea gero eta arrakastatsuagoa izan da, zumaiarrez gain Urola Kostako haur ugari gerturatu baitira.

Irailaren 5ean, berriz, Zumaiako triatloiaren txanda izango da. Baina, honen antolakuntza oraindik airean dago. Osasun krisiak eraginda konfinamenduan gaude, eta irailean nola izango garen inor ez daki.

Uztaileko lehendabiziko astean erabakiko du ZTTko zuzendaritzak aurtengo triatloia antolatu edo ez. Osasun egoerak eta dauden baliabideek baldintzatuko dute erabaki hori. Osasuna eta guztion segurtasuna bermatu beharko dira.

ZTTk lanean jarraituko du, eta guztion artean lortuko dugu.