Amilibiak 4. postua lortu zuen Oñatiko atletismo saioan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Triatloi Taldea 2019ko uzt. 2a, 13:01

Euskal atletismoko oilarrak bertatik bertara ikusteko aukera ematen du proba honek. Bertan, Martin Amilibia zumaiarra podiumetik 13 segundotara sailkatu zen.

Urteroko legez, aurten ere Corpuseko lasterketa antolatu du Oñatin, Antxintxiketan taldeak. Bi kilometroko zirkuitu urbano homologatu honi sei bira ematen dizkiote.

Ikusgarria izaten da, kirolariak esfortzu betean bertatik bertara, momentuoro, ikusteko aukera paregabea ematen baitu formatu honek. Urtean izandako emaitzen arabera, gonbidapena jasotzen dute kirolariek lasterketa honetan lehiatu ahal izateko. Euskal atletismoko oilarrak kaiola berean borrokan ikusteko aukera paregabea eskaintzen du.

Gonbidatu guztiak han ziren, azken unean lesio baten erruz huts egin zuen Eneko Agirrezabal izan ezik. Azken garaipenerako borrokan egon behar zuenetako bat.

Halako lasterketa esanguratsu batean, Martin Amilibia ZTTren kamisetarekin atera zen beroketan, bere kirol jatorriari keinu bat eginez.

Irteera eman orduko ordea, txantxak ahaztu ziren. David Garciak, faboritoetako batek, lehen metroetatik erritmo altua jarri eta lasterketa puskatzen saiatu zen. Atzetik, kontrol lanean, Iraitz Arrospide buru zela, gainontzekoak.

Horrela 2. kilometroan harrapatzea lortu zuten, baina mina zegoen jada, eta taldetik sei korrikalari moztuta geratu ziren. Egoera are eta gehiago gogortu zen Arrospidek erritmo altu horri jarraipena eman zionean. 3 kilometrorako, arraunean gertatu bezela, hiru tandatan zatitu zen lasterketa.

Lehenengo taldearen erritmo altua jarraitu ezinik, bigarren taldean joan zen Amilibia. Baina zumaiarra konforme ez, eta taldea utzi eta aurrera jo zuen. Erabaki arriskutsua zen, sei kilometroko zuelako aurretik, eta egiten zuen beroak ez zuen horretarako laguntzen.

Aurrean, ordea, Arrospidek aurreko bi urteetako garaipena berretsi nahi zuen, eta ez zituen etxeko lanak azken momentura utzi nai izan, ondo baizekien bera baino amaiera azkarragoa zutenak zeramatzala taldean. Beraz erritmo beldurgarri horri jarraipena eman eta banan banan arerioak atzean uzten joan zen. Horrela, azken kilometrora bakarrik iritsi zen, eta bere hirugarren garaipen lortu zuen Sheffielden bizi den korrikalari villabonatarrak.

Erlojupeko bikain baten ondorioz, Amilibiak azken bi itzulietan Garcia, Cruz eta Arroyo harraparu zituen eta ohorezko laugarren postuan amaitu zuen, podiumetik 13 segundora. Lasterketa bikaina zumaiarrarena, beste behin ere bere indarrak bikain neurtzen jakin zuelako, eta, ondorioz, maila goragoko korrikalariei aurre hartu zielako.