Zumaiako Gabonetako lehen Igeriketa Saria jokatu da

Larunbatean, abenduaren 23an, Taosa igeri taldeak Gabonetako Igeriketa Saria antolatu zuen, Zumaiako kiroldegian. Hartan, Taosa igeri taldeko 45 gaztek eta 20 gurasok hartu zuten parte, lehenbiziko aldiz antolatzen den igeriketa txapelketa honetan.

Talde mailako txapelketa izan zen: lehenbizi, igerilari gazteak elkarren artean lehiatu ziren, eta, amaitzeko, erreleboka jardun zuten gurasoekin batera.

Txapelketaren helburua igerilariek beldurrak eta urduritasuna alde batera utzi eta lehia zer den probatzea izan zen, guraso eta entrenatzaileekin gustuko duten kirola egin eta urteari bukaera ezin hobea emateko.

Hurrengo hitzordua Taosako helduek izango dute: abenduaren 29an, urtero bezala 100x100 m proba egingo dute, urtea ondo amaitzeko.

Mila esker bertara gerturatu zen jende guztiari. Oztopoak ditugun arren, Taosa igeri taldeak ilusio handiz jarraituko du lanean.