Ze Berri 04- BADATOZELA OLENTZERO ETA GOMEZAGO!!!!!

Erabiltzailearen aurpegia Lubaki Guraso Elkartea 2021ko abe. 23a, 14:27
Gero eta gutxiago falta zaigu neguko jaietarako eta urtero legez, Olentzero eta Gomezagoren bisita izango dugu Zumaian abenduaren 24an. Aurten Beheko plazatik hasiko du Olentzerok ibilbidea, eta Erribera kalean barrena joan eta gero, arranplan Gomezagorekin elkartu eta Ondartxo ingurura joango dira. Animatu eta azaldu zaitezte guztiok baserritarrez jantzita!!!

Zertarako, zergatik, nola... erabili pantailak?

Noiz erosi gure alaba-semeei smartwatchak, edota smartphoneak, edota tabletak...? Nola erabili tresna horiek? Zenbat denbora? Zertarako? Eta geuk? Gurasook, zertarako erabiltzen ditugu, nola, noiz? Galdera asko eragin eta eztabaida piztu du pantailen gaiak gurasoon artean... baina zein izan daiteke pantailen erabilera egokiena? Nola eman diezaiekegu eta eman diezaiekete geure alaba-semeek zentzuzko erabilera hori? Honi guztiari buruz hausnartzen hasteko lantaldea osatu dugu guraso elkartean eta ziurrenez, datorren urtean izango dugu gaiaren inguruan berri gehiago. Zuri ere interesgarria iruditzen bazaizu, animatu eta parte hartu lantaldean. Jarri gurekin harremanetan eta hurrengo bileraren berri emango dizugu.



Haurren aurrean, helduok heldu

Gurasook gara geure alaba-semeen erreferente nagusiak eta garrantzitsuenak. Horregatik, helduon artean euskaraz jarduten bagara, haurren artean jarduera hori bultzatzen lagunduko dugu, eta ondorioz, geure hizkuntzari, euskarari, arnasa eta indarra emango dizkiogu. Zaindu dezagun maite dugun hori eta jardun gaitezen geure artean euskaldunon hizkuntzan, euskaraz!

Urte berri on! Ondo pasa oporretan!
Eta horrela bukatzen da aurten hasi dugun ibilbide berri hau. Hauxe izango da aurtengo gure azken buletina. Guraso elkartetik egiten ditugun ekintza eta ekimen esanguratsuenen berri emateko sortu genuen Ze Berri eta datorren urtean ere bide beretik jarraituko dugu: guraso elkartearen lana gerturatzeko asmoz! Zumaiako eskola publikoarekin eta alaba-semeekin zerikusia duen edozein albisteren berri eman nahi izanez gero, ez izan zalantzarik eta jarri gurekin harremanetan: lgekomunikazioa@gmail.com