Obrak ditugu aspaldian tren-geltokian. Eraikinerako sarbide nagusia (tunela) itxita daukagu, eta ehunka zumaiarrek autobusa hartu behar izaten dute Donostia aldera joateko. Beste lan batzuk ere hasi dituzte estazioaren aurrealdean, eta komeni herritarrak behar bezala bideratzea, nondik joan edo ibili behar duten argi adieraztea.

Oinezko herritarrei bide egokia erakusteko, seinale batzuk jarri dituzte obraren bueltako hesian, “PASO OBLIGATORIO PEATONES”, gaztelania hutsean, eta igual txikiak izan eta ez direlako behar bezala ikusten, badaezpada ere eta ziurtatzeko, norbaiti okurritu zaio lurrean “PEATÓN” idaztea espraiarekin, kolore laranjaz. Beste norbaitek zilegitasuna, eskubidea eta boterea eman dio hori pintatzeko azeraren gainean, handi, ikusgarri, baina agian ez dio azaldu betebehar batzuk ere badauzkala, euskaldun izan eta euskaraz bizi nahi duen Zumaia honetan. “OINEZKOAK” luzeagoa da, baina txikiago idatzita ere, ederki ulertuko genukeen, hobeto ikusiko genukeen.

Ez da hain zaila: horrelako lanak esleitzean, baldintzetan, herritarrei begirako seinaleak gutxienez euskaraz jartzeko konpromisoa edo betebeharra jartzea, eta, batez ere, horiek ipintzen direnean, gutxienez euskaraz egongo direla ziurtatzea, beste edozein baldintza gainbegiratzen den bezala.

Beti atzetik ibili beharra…