Euskara, bestela ez gara (2021)

Aurten ere "Euskara, bestela ez gara" hitzaldi-zikloa izango dugu, Zumaiako Udalak eta Larrainak elkarlanean antolatuta. Hona hemen xehetasunak.

"Euskara turismoaren olatuan"

  • Eguna: otsailaren 17a, asteazkena
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Oxford
  • Hizlariak: Goizane Arana (UEMA) eta Asier Basurto (Donostiako Euskara Taldea)
  • Bideratzailea: Gorka Zabaleta.

Azken urteotan turismoak gora egin du kostaldeko herrietan, eta horrek eragina izan du herritarren bizimoduan, ohituretan, egunerokoan…, eta batzuetan zeharo aldatu edo baldintzatu du, gainera. Arnasgune batzuetan ere nabarmenak dira arriskuak eta mehatxuak, baina aukera batzuk ere badaude. Zenbateraino dago gure esku eragitea? Zer egin dezakegu euskara babesteko eta indartzeko, adibidez? 



"Migrazio erdalduna herri euskaldunetan. Euskararen inguruko bizipenak eta iritziak"

  • Eguna: otsailaren 25a, asteazkena
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Oxford
  • Hizlaria: Enara Eizagirre (Aztiker ikerguneko teknikaria, “Migrazio erdalduna herri euskaldunetan” ikerketaren egilea) 

Immigrazioaren fenomenoa ez da berria Euskal Herrian. Industrializazioak aldaketa sakonak ekarri zituen gure herriaren demografian eta egoera soziolinguistikoan. Azkeneko  bi hamarkadetatik  fenomenoa errepikatzen ari da. Horren aurrean, 2005a ezkero udalerri euskaldunetara etorritako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertuko dira hitzaldi honetan.  Zer nolako harremana  eta iritzia dute  euskararekiko eta bizi diren herriekiko kanpotik etorritakoek? Zer sentimendu, behar, muga eta aukera euskararekiko?  Duten euskararekiko harremanean, zein dira eragin handiena duten aldagaiak?

 

"Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara"

  • Eguna: martxoaren 3a, asteazkena
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Oxford
  • Hizlariak: Idurre Eskisabel Larrañaga (EHUko irakaslea) eta Lorea Agirre Dorronsoro (Jakin aldizkariko zuzendaria)

Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Horrenbestez, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzea da hitzaldiaren helburua.


"Euskara eta musika. Ahots berriak eztabaida zaharretan"
 

  • Eguna: martxoaren 10a, asteazkena
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Aita Mari zinema
  • Hizlariak: Jurgi Ekiza (Willis Drummond), Ningra eta Amancay Gaztañaga
  • Bideratzailea: Julen Aperribai

Musika euskaraz egitearen inguruko estigmak eta aurreiritziak gainditutzat ditugu, baina tarteka berpizten dira eztabaida zaharrak. Elementu berriak ere agertzen dira, etengabeko mugimenduan den musika panorama astintzen dutenak eta galdera berriak pausatzen dizkigutenak. Galdera horiek egungo musikariak nola zeharkatzen dituzten lehen pertsonan jakiteko asmoz, Jurgi Ekiza, Amancay Gaztañaga eta Ningra musikariak elkarrizketan jarriko ditugu.