Badatorkigu 2020. urtearen amaiera, eta COVID-19ak eragozten ez badigu, seguru asko tokatuko zaigu bileraren bat, aurrez aurrekoa, ordenagailu bidezkoa edo dena delakoa: etxepekoa, garajekoa, elkarte gastronomikokoa, kirol taldekoa… Gainera, igual bilera horietako bat prestatu eta bideratu ere egin beharko dugu, geu arduradunak garelako.

Alorrak eta gaiak desberdinak izango dira seguru asko, baina guztietan antzeko gaiak eta pausoak izango dira: urtean zehar egindakoen eta gorabeheren berri eman, diru-kontuak erakutsi, 2021erako asmoak azaldu, arduradunen aldaketa (baldin badago)… Baina zer hizkuntzatan? Nola hartzen dugu parte bilerotan? Momentu egokia da gure jardunari begiratzeko eta euskaldunok agerian jartzeko edo nabarmentzeko, hau da, euskaldun jokatzeko. Nola? Euskaraz eginez, eta ahal baldin bada, beste euskaldunek ere euskaraz egin dezaten saiatuz.

Asko egin dezakegu, eta are ardura handiagoa izango dugu geu baldin bagara administratzaileak, juntakoak, zuzendaritzakoak… Betiere kontuan izan beharko dugu badagoela euskaraz ez dakien jendea eta horiekin lan berezia egin beharko dugula, baina, geure txikian, aurrerapausoak eman ditzakegu euskara bultzatzeko eta indartzeko. Lana da, baina ahaleginak adinako satisfazioa emango digu, seguru.

Animo, eta bilerotan, euskaldun jokatu!

Larraina Euskara Taldea