Lankidetzarako esparruak zehazteko bilera Larraina Euskara Elkartearen eta Udalaren artean

Lankidetzarako aukerak aztertu ziren eta bilera emankorra izan zen.

Pasa den astean bildu ginen udaleko Euskara eta Hezkuntza saileko zinegotzi Maddi Aldalur eta Josune Herrarte teknikariarekin. Bileraren helburua hauxe zen: 2020 urteari begira udalak eta Larrainak esku artean dauzkaten egitasmoen berri ematea elkarri eta lankidetzarako eremuak identifikatzea.

Larrainak 2020an hiru arlo nagusi hauek jorratuko ditu: euskararen erabileraren sustapena; euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua zabaltzea; eta herritarren ahalduntzea hizkuntza eskubideen esparruan.

Bilera oso emankorra izan zen eta aipatutako hiru alorretan lankidetzan aritzeko asmo sendoa agertu zen Larraina Euskara Elkartearen eta Udalaren aldetik.