Euskarak Zumaian oporrik ez

Larraina izena jarri diogu euskarak biltzen gaituen Zumaiako lagun taldeari, gogoko dugun egunetan lanerako elkartuko garelako larrainean, garai batean baba eta lekak bereizteko edo garia jotzeko gure inguruetan egiten zen moduan. Orduan ere, gaur bezala, lanaren astuna arintzeko, elkarri irri eta ziri egiteko abagunea ere izango zen, ondo pasatzeko nahia.

Gaur ere horretara gatoz, Zumaian euskara gogoan hartuta elkar ikusi, elkarrengandik eta elkarrekin ikasi, elkarri arreta jarri, elkar zaindu eta elkarrekin ondo pasatzeko.

Oso asmo xumeekin gatoz: euskaraz pentsatu, eztabaidatu, aztertu eta sentitzen duguna partekatu nahi dugu. Eta, batez ere, jendearekin hitz eginez, euskaratik eta euskaraz, gero eta gehiago egiteko nahia suspertu herritarren artean. Zumaia abiada azkarrean aldatzen ari da eta arretaz begiratu nahi diegu etorkizuneko erronkei eta aukerei, olatuen gainetik gai izan gaitezen norabidea erabakitzeko.

Honako hau hasiera besterik ez da, lehen urratsa, eta oinez pixkanaka egingo dugu aurrera. Bide horretan, pozik hartuko ditugu partaide berriak, eta gonbidatuta zaudete gurera. Euskarak elkartuko gaitu etorkizunean larrainean.