Bigarren amaitu du igoera fasea Kbi xake klubak

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2022ko api. 11a, 08:08
Oier Sarasketa, Gasteizen jokatutako Euskadiko txapelketan.

Amaitu da denboraldia Kbi xake klubeko taldeentzat. B taldeak pasa den astean jokatu zituen azken partidak; A taldeak, berriz, pasa berri den asteburuan. Norgehiagoka irabazi zuen Billabonaren aurka, baina ez da izan nahikoa lehen mailara igotzeko.

Gipuzkoako xake ligako bigarren mailako denboraldia amaitu da. Igoera faseko azken partidak jokatu dituzte pasa berri den asteburuan, eta Zumaiako Kbi xake klubeko A taldea Billabona D taldearen aurka neurtu da. Lehen mailarako igoera lortzea ia ezinezkoa zuten zumaiarrek, faseko lider zen Bidasoa Fiantxeko 2019 A taldeak 3,5 puntuko aldea ateratzen ziolako. Zumaiarrek 4-0 irabazi behar zuten, eta irundarrek 0-4 galdu. Azkenean ez da halakorik gertatu, eta Villabonakoen aurkako jardunaldia irabazi badute ere, bigarren postu on batekin konformatu behar izan dute Kbikoek.

3-1 emaitzarekin irabazi diete Kbikoek Billabona D taldeari. Zumaiarren aldetik, Fermin Laurobak, Xabier Aranzabalek, David Rodriguezek eta Miguel Angel Aguadok jokatu dute azken jardunaldia. 

Oier Sarasketa hirugarren

14 urtez azpikoen Euskadiko xake txapelketa jokatu da asteburu honetan Gasteizen, eta bertan izan da Kbi xake klubeko Oier Sarasketa. Hirugarren postua lortu du zumaiar gazteak txapelketa honetan. Kontutan hartu behar da, gainera, alebin mailako jokalaria dela, berez, Sarasketa, eta bere adineko lehen sailkatua izan da.