Lehertu arte

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko ira. 12a, 10:15
Telmo Deuneko zaleak igandean Kontxan. (Onintza Lete Arrieta).

Arraun denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du hamaikagarrena.

Ikasturte hasierarekin batera lanera itzultzeak burua Kontxako estropadetatik at izaten lagundu dit. Astean zehar lanera bidean irratian Korrontziren abestia entzun eta buruan bueltaka gelditu zitzaidan, ordea, Mikel Urdangarinen ahotsean entzun nuen estrofa.

Behin eta berriz buruan nuen estrofa, eta arrazoi zuen. Kontxako estropaden atarian arraunlarien burutik pasatzen den esaldia zen. Honelaxe dio abestiak: "Bihotzak dio lehertu arte, buruak dio bukatu arte, bizitzak dio ez utzi tarte, zu zeu ere izan zaitez parte". Eta horrelaxe dira estropadak. Lehertu arte, bukatu arte. Eta partaide.

Larunbateko beroa buruari bueltak ematen hasteko bitamina izan zen, eta zer esanik ez igande goizeko txaranga hotsak. Pultsometroa martxan zen. Ilusioak gorenean, indarrak ere bai, oroitzapenak dantzan eta gertatzen zena gertatzen zela ere, bihotzak lehertzeko prest. Dena eman zuten, lehertu ziren, indarrak ahitu baina gu hor ginen, beraiekin. Momentu horren parte izan ginen.

Izan zen eztandarik, ke horiz tindatu zen Paseo Berria, eta arranpla horiz margotu genuen.

Aurtengo denboraldia amaitzear dago, azken bandera aukerak eta play-off-ak dituzte aurretik eskualdeko traineruek. Horiek ere bukaerara arte izango dira, eta lehertzeko prest dituzte bihotzak. Jarraitzaileak ere hor izango dira. Eta, lehertu ondoren, osatuko dira datorren urtean ere parte izateko, uretan edo lehorrean. Denok baikara parte.