Gogorra

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko abu. 29a, 10:50

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du bederatzigarrena.

Abuztua amaitzen ari da, liga gehienak bukatu dira, play-off-etako postuak erabaki dira, eta tripulazio gehienek asteazken eta osteguneko sailkapen estropadetan dute beren burua. Irailean sartzearekin batera, arraun munduak goia jotzen du, oporren amaierarekin eta ikasturte hasierarekin batera. Udako kirol ikusienetarikoa izanik inguruan, eta eskualdeko hainbat taldek banderak irabazi dituzten honetan, ohikoa da haur eta gazte batek baino gehiagok ikasturte berrian arrauna probatzen hasteko asmoa izatea. 

Zuen inguruko haur, gazte, heldu, neska zein mutilen batek arraunean hasi nahi duela edo probatu nahi duela esaten badizue, mesedez, arren eta otoi, ez erantzun «arrauna gogorra» da esaldiarekin. Gutxiago arraunean inoiz ibili ez bazarete. Proba dezala, eta berak erabakiko du gustatzen zaion ala ez. Eta ez badu gustuko, ez du esango gogorregia denik, ez zaiola gustatu baizik. 

Ez dakizue zer-nolako mina egiten duen heldu edo ingurukoren batek arrauna probatzeko gogoa duenenari «arrauna gogorra» dela esaten dionean. Neure buruari galdetzen diot: benetan gogorra al da? Kanpotik begiratuta, agian? Bada, niretzat (eta hau ere kanpotik begiratuta) bi ordu inguruko partida osoa ordezkoen aulkian pasatzea ere gogorra da. Arraunean A batelean ez bada, B, Z edo mistoan parte hartuko du; kirol honetan ez dago ordezkoen aulkirik, denentzat daude tostak. Eta aulki mugikorrean, bakarrik, bikoan, laukoan edo zortzikoan joango da, beti izango da denentzat aulkia. 

Eta nire buruari galdetzen diot: gogorra dela esaten denean, zergatik diogu gogorra dela? Diamantea ere gogorra da, eta begira zer-nolako estimazioa diogun. Jarrai dezagun gure harri koskorrak harribitxi bihurtzen. Horretarako badakizue, gogoa duenari, utzi probatzen.