Behiak eta zaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2024ko mar. 2a, 09:00

Gogoan dut duela 8 urte Carmenen kontsultan geundela; laguntzen digun psikologoetako bat da Carmen. Berak azaldu zigun Ikerren interesak baliatu behar genituela irakasteko. "Zer gustatzen zaio?" galdetu zigun. "Animaliak", erantzun nuen zalantzarik gabe. Carmenek erantzun zidan animaliak interes zabala zirela eta asko aprobetxa genezakeela. Eta ordutik horrela egin dugu.

Ikerri janzten erakusteko, animalien kromoak jartzen genituen gutun-azal txikien barruan, eta Ikerrek gutunazalean marraztutako jantzia janzten zuenean, gutun-azala ireki eta kromoaren animalia aurkitzen zuen. Animalienganako interesa ere erabili dugu igeri egiten irakasteko. Garai hartako begiraleak, Nereak, jostailuzko behi bat jartzen zuen igerilekuaren mutur bakoitzean, eta Ikerrek behiraino joan eta ohol txikiarekin jaso behar zuen. Horrela ikasi zuen igerilekua alderik alde zeharkatu behar zuela. Ikerrek animaliak eginez marrazten ere ikasi du. Behi bat izan zen bere lehen marrazkia. Plastilinekin gauza bera gertatu zen. Ikerrek plastilinak erabiltzen ikasi zuen behiak eta zaldiak moldatuz. Baina Ikerren plastilinen berri beste egun batean emango dizuet, oso ondo egiten baitu eta aipamen txiki hau baino gehiago eskaintzea merezi baitu. Istorio honekin batera doan argazkian agertzen diren plastilinazko behia eta txahala Ikerrek egin ditu.

Inflexibilidad en los Niños con TEA liburuan, Deletrea taldeak honako hau idatzi du: "Gure interesak garatzen ditugunean sentitzen dugun gogobetetzea izugarria da, eta hainbeste gustatzen ez zaizkigun gauzak egiten ditugun aldi guztietan alternatiba da. Interesa izatea zerbaiten inguruan ikertzen jarraitzea merezi dugula pentsatzea da. Interes horrek zereginean denbora gehiago ematen laguntzen digu. Ondorioz, interes horrek ikaskuntza eta motibazioa bultzatzen, bizkortzen eta sustatzen ditu".

Baina, Ikerrek animalienganako duen interes horrek ez digu ikaskuntzarako bakarrik balio izan. Gure familia- eta aisialdi-jardueretarako ere aprobetxatu dugu. Urtero, azaroaren 1ean, Itziarko azokara joaten gara. Badakigu hor aurkituko ditugula Ikerri hainbeste gustatzen zaizkion animaliak, eta data hori ezin da aldatu gure egutegian. Joan den azaroan ere hor egon ginen. Egun hartan ez zen nagikeriarik izan, Iker pozarren jaiki zen. Itziarrera iritsi ginenean, Iker abiada bizian ibili zen, animaliak ikustera iritsi nahi zuen. "Iker, begira behiak!" esan nion. "Badakit zure animalia gogokoenetako bat dela". Ez zien begiratu. Aurpegia beste aldera jiratu eta esan zuen: "Oraindik ez!". Begiak erdi itxi eta aurrera egin zuen. Ikerrek azkenerako gorde zituen behiak, postrearekin egiten dugun bezala. Ilaran zehar joan zen. Ahuntzei eta ardiei begiratu zien, baina ez zien behiei begiratu. Ibilbidearen amaierara iritsi zenean, presaka itzuli zen behietara. Haien aurrean jarri zen, baina ez hain hurbil. Beti gordetzen du distantzia. Behiek berarekin egiten duten bezala. Behiei begiratu eta irribarre egin zuen. 20 minutu igaro ziren, eta ni aspertzen hasia nintzen. Berak liluraz begiratzen zien. "Iker, goazen beste animalia batzuk ikustera", esan nion. "Oraindik ez!", erantzun zidan. Buelta eman zuen, atzetik begiratzea tokatzen zitzaion orain. Ahalik eta angelu gehienetan begiratu zien. Horregatik, plastilinazko marrazkiei edo irudiei ez zaie xehetasunik falta. "Iker, goazen animalia gehiago ikustera", esan nion minutu gutxiren buruan. "Zaldiak", erantzun zidan. Zaldiak dira bere beste animalia gogokoena. Hauek zeuden lekura joan ginen. Iker haien aurrean jarri zen eta istorioa berriro hasi zen.